Patente eta marken erregistroaren alorretatik harago, ikuspegi estrategikoa oinarri, patenteei, erabilgarritasun-ereduei, diseinu industrialei, markei, enpresa sekretuei eta egile-eskubideei buruzko aholkularitza eskaintzen du Fagor Taldeko Galbaian kooperatibak. Bilbon (Bizkaia) eginiko Industriaren VIII. Biltzar Nazionalaren testuinguruan, gaia landu gura izan du Spri Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Euskal enpresaren bloga atarian. Jardunaldien barruan patenteen inguruan egin zen mahai-inguruko hizlarien artean izan zen Ismael Igartua Irizar Galbaianeko zuzendari nagusia.
“Patenteek funtsezko zeregina dute gaur egungo enpresa-berrikuntza estrategian. Berritzen ari diren enpresa txiki eta industrialei dagokienez, oso garrantzitsua da jabetza industriala hasieratik integratzea”, azaldu du Galbaianeko zuzendari nagusiak. Besteak beste, patenteen bidez erakunde eta enpresei balio-proposamena babesten laguntzea da kooperatibaren helburua.
Proiektuen egikaritze prozesua
Proiektuen egikaritze prozesuaz eta patenteen lanketak horietan izan beharreko lekuaz ere egin du berba Igartuak. Haren esanetan, patenteak proiektuaren hiru fasetan hartu behar lirateke kontuan: hasieran, teknikaren egoera ezagutzeko patenteak bilatzean; garapenean, eragiketa-askatasunaren analisian; eta, merkaturatu aurretik, babestea merezi duten alderdi teknikoak ebaluatzean. Era berean, patentea erregistratzeko baldintzetako lehena mundu mailan nobedade izatea izaki, eskaera egin aurretik proiektuaren konfidentzialtasuna mantentzearen garrantzia azpimarratu du.






