Fagor Automation kooperatibak haren soluzio berritzaileak eroango ditu BIEMH 2026 makina-erremintaren nazioarteko biurtekora. Industria alorreko hitzordu esanguratsuenen artean da martxoaren 2tik 6ra bitartean Barakaldoko (Bizkaia) BECen egingo den azoka. Aurtengo hitzordua, bezeroei begirako berrikuntzek, gertutasunak eta garapen teknologikoek ezaugarrituriko epealdi baten hasiera izango da Fagor Automationentzat. Interesa dutenek, Hall 1-Stand D29ean ezagutu ahal izango dituzte haren berrikuntzak.
Fagor Automationek lanean jarraitzen du enpresei puntako automatizazio soluzioak eskaintzeko ahaleginean, BIEMH azokan berretsi ahal izango denez. Zehatz esanda, CNC sistemaren errendimendua, erantzun abiadura eta malgutasuna hobetuko dituen CNCelite 2.0 izango da kooperatibak azokara eroango duen berrikuntza nagusia. Horrekin batera, artezketa aplikazioei begirako CNC 8065elite 2.0 G modeloa aurkeztuko du, zehaztasun, egonkortasun eta prozesuaren kontrol eskakizun handiei erantzuteko gaitasuna duena.
Enkoderretan, hobekuntzak
Serie3 gamako enkoder sortek erreferente izaten jarraitzen dute industriaren merkatuan, haren mardultasun, zehaztasun eta fidagarritasunagatik. Horri lotuta, besteren artean, L3 enkoder lineal modular inkrementala aurkeztuko du Fagor Automationek BIEMH azokan, 100 metroko neurketa mailara iristen dena. Berrikuntza horrek, neurketa aukerak zabaltzen ditu aplikazioetan eta testuinguru zorrotzetan, eta kooperatibak nazioartean duen erreferentzialtasuna indartzen du. Enkoder angeluarrei dagokienez, ostera, modelo inkremental berriak merkaturatuko ditu kooperatibak, exijentzia altuko aplikazioentzako eskaintza handituz.
Bestetik, makinen errendimendua optimizatzeko sorturiko FDS Fog On-Premises alternatiba ezagutzeko aukera ere eskainiko du Fagor Automationek, datuen kontrola mantendu eta digitalizazioan urrats berriak egin gura duten enpresei zuzendurikoa.






