Udazkenean, mugikortasun erronka bateratua jarri genuen martxan Fagor Taldeak, Danobat Groupek, Laboral Kutxak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak: hilabeteko epealdian, guztion artean 70.000 ziklo pilatzea zen helburua. Aise gainditu genuen erronka, 133.500 ziklo baino gehiago pilatuta. Horri esker, 500 zuhaitz landatuko ditugu Tantai baso jabe kooperatibaren bidez -bertako zuhaitzak izango dira-.
Erronkak iraun bitartean, Fagor izan da ziklo iraunkor gehien pilatu dituena: 55.745 ziklo -89.728 km-ren baliokide dira-. Eta bada beste datu esanguratsu bat: lehen aldiz, auto partekatua izan da gehien erabili den garraiobidea (59.100 km). Ostean legoke autobusa (17.000 km); eta, gero, bizikleta (8.750 km).
Autoa partekatzeko aukera
Fagorrek gogorarazi nahi du aukera dagoela autoa Danobat Group, Laboral Kutxa eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko erabiltzaileekin partekatzeko. Ciclogreen aplikazioak badu autoa partekatzeko atal bat. Hartan, norberak bere ibilbidea argitaratu beharko du -etxetik lanerako ibilbidea-. Behin hori eginda, Fagorreko beste kooperatibetako edota Ciclogreen aplikazioa erabiltzen duten beste kooperatiba batzuetako jendea bilatu ahal izango da, ibilbidea osorik edo zati batean partekatzeko.
Aukera berriak
Horrez gain, orain, autoa edozein pertsonarekin eta bestelako egoeretan partekatzeko aukera eskaintzen du Ciclogreenek. Alegia, lanerako bideaz aparte, bestelako bidaiak ere erregistratu ahal izango dira aplikazioan -adibidez, lagun eta familiako kideekin egiten diren lekualdatzeak-:
- Partekatu ciclofriends kodea zure bidai-lagunekin, Ciclogreen-en erabiltzailea sortu dezaten.
- Aktiba ezazue Ciclo Bonoa, aplikazioko auto partekatuaren atalean.
- CAE kilometro zertifikatuei esker, lortu 500 eurora arteko sariak opari txarteletan.
Oraindik ez zara Fagor Mugiren erabiltzaile? Oso erraza da: deskargatu Ciclogreen aplikazioa mugikorrean, erregistratu fagorwin kodea erabilita, eta hasi erabiltzen!






