Mondragon Unibertsitateko Danel Madrazo Unanue ikasleak eginiko Transferentzia bidezko ikaskuntza tekniketan oinarritutako sodio-ioi baterien egoera-algoritmoak lanak irabazi du TFG-TFM Mondragon sarietako Eraldaketa Energetiko-Klimatikoaren Fagor Taldea Saria -deskarbonizazioari, ekonomia zirkularrari eta neutraltasun klimatikoari lotutako lanak aurkeztu dira kategoria horretan-. Bigarren saria, berriz, Euskal Herriko unibertsitateko Lander Gomez de la Cruzen Análisis y optimización bio-hidrodinámica mediante CFD de humedales artificiales para el control, tratamiento y reutilización de escorrentía urbana lanarentzat izan da. 57 finalista eta kooperatibetako 47 profesional bildu ditu ekitaldiak, eta, orotara, 26.250 euro banatu dira hamahiru proiektu irabazleren artean.
Laugarren urtea izan dute TFG-TFM Mondragon sariek. Aurtengoan, 53 unibertsitatetako 340 lan jaso dira -orain arteko zifra altuena da-. Horiek guztiek, gaur egungo erronka nagusiei lotutako gaiak landu dituzte: osasuna eta zaintza, energia, digitalizazioa, finantzak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste. Ostera, %59 izan dira Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleek aurkezturiko lanak. Antolatzaileak pozik azaldu dira parte hartzearekin. “Parte-hartze altuak gazteek eredu kooperatiboarekiko eta gizarte eraginarekiko duten interesa berresten du, batez ere, Euskal Herri mailakoa”, aitortu dute.
Bost kategoria
Bilbon (Bizkaia) egin da TFG-TFM Mondragon sarien bukaerako ekitaldia, eta bost kategoria nagusiei eta zeharkako hiruei lotutako aitortzak banatu dira hartan. Fagor Taldeak, Danobatgroupek, Laboral Kutxak, Mondragon Healthek, Ikerlanek, Eikak, Mundukidek eta Mondragon Korporazioak banatu dituzte sariok. Kooperatiba, erakunde eta unibertsitate desberdinetako 70 profesional egon dira epaimahaikide lanetan.






