Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, egingo da Fagor Euskara Lehiaketaren finala. Kooperatiba bakoitzeko bikote irabazleak izango dira hartan, eta Zoom bidez egingo da, 12:00etatik 13:00etara bitartean. Zuzenean ikusteko aukera egongo da, gainera. Hemen duzue finala ikusteko lotura.
Zehatz esanda, Zetak musika taldeak Bilboko San Mamesen eskainiko duen kontzerturako lau sarrera eta Durangoko azokarako 100 euroko bonua eskuratuko ditu bikote irabazleak.
Parte-hartze zabala
Bukatu berri da Euskara Lehiaketaren lehenengo fasea. 192 bikotek eman zuten izena, eta euskara zein euskara planari loturiko 16 galdera erantzun dituzte lau asteko epealdian -astero, lau galdera-. Batez beste, 125 bikotek erantzun dute aldiro. Bada, dagoeneko zehazturik daude kooperatiba bakoitzeko irabazleak. Errigorako saski bat eramango du bikote bakoitzak.
Horrez gain, Durangoko azokarako 100 euroko bi bonuren zozketa egingo da parte hartu duten bikote guztien artean.
Parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu astero tartetxo bat hartzeagatik euskarari buruzko galderei erantzuteko. Oso pozik gaude lehiaketak izan duen parte hartzearekin.





