Gazteei begirako Koopaketa topaketa egin da lehenengoz, eredu kooperatiboaren orainaren eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Oro har, gazteak, kooperatibetako kide izan edo ez, kooperatibagintzara gerturatzea eta ereduaren inguruan hausnartzera bultzatzea izan da helburua -mahai-inguru eta lan dinamika ezberdinak egin dira horretarako-. Konfekoopek eta Kooperatiben kontseiluak antolatuta, azaroaren 20an egin da Koopaketa, Bilboko (Bizkaia) Dock gunean. Fagorreko kooperatibetako hainbat kide izan dira bertan.
100 pertsona inguru bildu ditu ekimenak. Oro har, antolatzaileen asmoa izan da kooperatibagintza eredua bera haren osotasunean aurkeztea, eta, hori horrela, izaera eta tamaina desberdinetako kooperatibetako ordezkariek jardun dute mahai-inguruetan. Tartean izan dira industria kooperatibak, energia kooperatibak, hezkuntza kooperatibak…
Baina topaketa ez da mahai-inguruetara mugatu, gazteek kooperatibagintzarekiko duten pertzepzioa ezagutzea eta aurrera begirako bide orria marraztea ere izan baitute antolatzaileek xede. Lan dinamika desberdinak egin dira, besteak beste, kooperatiben indarguneez jarduteko. Horien inguruan mintzo, pertsonak erdigunean jartzea, konpromiso soziala, berdintasuna, gobernantza partekatua, koerantzukizuna, pertenentzia sentimendua, lan segurtasuna eta lanpostuen sorrera modukoak aipatu dituzte bertaraturikoek.
Kooperatibagintzaren dimentsioa
Eredu kooperatiboaren dimentsioa ikusarazteko ere balio izan du Koopaketak. “Euskal Herriko kooperatibagintza askotariko sektoretan dago presente, eta 70.000 langiletik gora barnebiltzen ditu. Esperientzia kooperatiboa oso zabala da. Egunerokoan dugu era bateko edo besteko harremana harekin, kooperatiba batean lan egin edo ez. Balioan jarri beharrekoa da hori”, azaldu dute antolatzaileek topaketaren aurkezpenean. Era berean, azpimarratu eta ikusarazi dute gazteek kooperatibagintzaren orainean eta etorkizunean duten garrantzia: “Zuek erabakiko duzue etorkizunean zer izango den eredu kooperatiboa”.






