Skip to main content

Azken urteotan, euskararen aldeko lan handia ari da egiten Fagor Arrasate kooperatiba. Aitzindaria da euskaraz lan egiteko aurrerabideetan. Kanpora begira egindako azken urratsen inguruan egin du berba Berria egunkariak. Zehatz esanda, kooperatiba lanean jardun du Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren Kongresuan euskararen presentzia bermatzeko.

Horri esker, euskarak tokia du makina-erremintaren kongresuan. “Webgunea euskaraz dago orain, aurkezpenak euskaraz egiten dituzte enpresa horietako ordezkariek, eta saritu ere egiten dute kongresu bakoitzeko euskarazko lanik onena. Fagor Arrasate eta Koniker aparteko ahalegina egiten ari dira hor”, azaldu du Andoitz Aranburu Irastorza Fagor Arrasateko Berrikuntza zuzendariak.

Egindako bidea

1990eko hamarkadatik daude euskara planak Fagor Arrasaten, eta ordutik zenbait ekintza egin dira euskara bultzatzeko. Gainera, betidanik bultzatu izan dute aurkezpenak euskaraz egitea eta edukiak euskaraz sortzea. Orain dela bi urte, kongresuko sarrerako hitzaldia ere euskaraz egitea proposatu zieten antolatzaileei, eta halaxe egin zuten. Urrats horren garrantzia azpimarratu nahi izan du Andoitz Aranburuk Berria egunkariko elkarrizketan: “Edukiak euskaraz sortzea erakusgarri polit bat da, erakusteko Fagor Arrasate bezalako enpresa batek -zeinak zazpiehun langile dituen eta %90 kanpora esportatzen duen- egin ditzakeela proiektuak euskaraz eta erakuts ditzakeela garapenak euskaraz”.

Euskararen presentzia, egunerokoan

Fagor Arrasaten lanaren “parte handi bat” euskaraz egiten dela dio Aranburuk: “Departamentu batzuetan euskaraz bakarrik egiten dugu lan. Adibidez, gure Berrikuntza departamentuan bilerak euskaraz dira, proiektu asko euskaraz garatzen dira, dokumentazioa euskaraz sortzen da… Aurkezpenak ingelesez egiten dira, bezeroak askotan kanpokoak direlako, baina gure artean euskaraz egiten dugu. Euskarak hor egon behar du; bestela, ematen du arlo teknologikoan gaztelania bakarrik existitzen dela, edo ingelesa”.

Aurrera begira, kooperatibaren helburua da euskaraz lan egiten jarraitzea eta euskara bultzatzea. Ezinbestekoa da euskara esparru guztietara eramatea, lan eremura, besteak beste. Horretarako, Aranbururen hitzetan, “garrantzitsua” da instituzioek Fagor Arrasate bera eta Fagor Arrasate bezalako enpresak sustatzea eta bultzatzea euskararen alorrera.