Fagor Taldea, Danobat Group, Laboral Kutxa eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa elkartu dira mugikortasuneko erronka bat martxan jartzeko. Guztien artean, Ciclogreen aplikazioan hilabete batean 70.000 ziklo pilatzea da helburua (azaroaren 10etik abenduaren 10era). Hori lortuz gero, 500 zuhaitz landatuko dira Tantai baso jabe kooperatibaren bidez.
Aplikazioa erabili besterik ez da egin behar erronkan parte hartzeko, eta ziklo horiekin Fagor Mugiko sariak eskuratzeko aukera ere izango da. Erronka honetan, ingurumenak izango du onura gehien; izan ere, C02 emisioak murrizteaz gain, zuhaitzek CO2a xurgatzen dute, eta, Tantairen ereduaren bidez, bertako espezieez osatutako basoen alde egingo da eta aniztasun biologiko handidun basoak bultzatuko dira.
Fagorrek gogorarazi nahi du badela aukera autoa Danobat Group, Laboral Kutxa eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko erabiltzaileekin partekatzeko. Ciclogreen aplikazioak badu autoa partekatzeko atal bat. Bertan, norberak bere ibilbidea argitaratu beharko du -etxetik lanerako ibilbidea-. Behin hori eginda, Fagorreko beste kooperatibetako eta Ciclogreen aplikazioa erabiltzen duten beste kooperatiba batzuetako jendea bilatu ahal izango da, ibilbidea osorik edo zati bat partekatzeko.



					

