Fagor Taldeak pilatu ditu ziklo iraunkor gehien irailaren 16tik urriaren 16ra bitartean egin den Urban Mobility Challenge erronkan. Hain zuzen ere, urtero bezala, haren erabiltzaile diren enpresen arteko sailkapena egin du Ciclogreen aplikazioak, lanerako bidean modu jasangarrian egindako kilometroak eta zikloak oinarri. Langile guztien artean eta garraiobide guztiak kontuan hartuta, ziklo gehien pilatu dituen enpresa izan da Fagor Taldea. Fagorreko kooperatiba guztien artean 65.828 ziklo eta 58.846 km jasangarri egin dira -6.845 kg CO2ren isuria saihestuz-. Horri esker, Fagorrek lehen postua lortu du, Ulma eta Cafen aurretik.
Zehatz esanda, Fagor Taldeko kooperatibetako 149 lagunek hartu dute parte Urban Mobility Challenge erronkan. “Urtean zeharreko helburuari heldu diogu Urban Mobility Challengen. Asmoa ez da lehen postua, baizik eta kilometro iraunkorrak pilatzen jarraitzea eta Fagorreko kideen mugikortasun ohituretan eragitea. Eta berretsi da bide onean doala. Fagor Taldeak lehen postua berreskuratu du, eta horrek adierazten du indartzen doan ekimena dela Fagor Mugi”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak.
Hauxe izan da aurtengo Urban Mobility Challenge erronkaren sailkapena:
- Fagor: 65.828 ziklo.
 - Ulma: 52.118 ziklo.
 - Caf: 41.101 ziklo.
 - Keyter Group: 37.941 ziklo.
 - Grupo Tragsa: 34.366 ziklo.
 
Fagorretik, Fagor Mugiren erabiltzaile guztiak zoriondu nahi dira, haien ahaleginari esker lortu baita garaipena. Ez da lehen aldia Fagorrek lehen postua lortzen duena; 2023an ere lortu zuen, baina 2024an bigarren postura jaitsi zen. Esan moduan, aurten, lehen postua berreskuratu du.





					

