Skip to main content

Beste urte batez, Mundukide Lasterketa Solidarioa egingo da urriaren 19an, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Urkulu urtegian. Hamargarren edizioa da aurtengoa, eta, ohi moduan, elkartasuna, talde-lana eta konpromiso globala bezalako balioak sustatuko dira. Dagoeneko zabalik da izen-ematea.

Hainbat modalitate eskainiko ditu lasterketa solidarioak. Batetik, X3 talde lasterketa egongo da -kooperatibetako kideek solik har dezakete parte-. Kasu horretan, hiru pertsonako taldeek -gizon zein emakume- jardungo dute 6,3 kilometroko ibilbidean. Bestetik, oinezkoen modalitatean eta martxa nordikoan parte hartzeko aukera izango da -edonork har dezake parte, kooperatiba bateko kide izan edo ez-. Parte-hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.

Haur eta gaztetxoentzat lasterketa

Aurten ere, 2004 eta 2016 urte bitartean jaiotakoentzako ibilbideak eskainiko dira: 100 metrokoa (2014-2016 jaiotakoak); 500 metrokoa (2013-2014 jaiotakoak); 1.000 metrokoa (2012-2013 jaiotakoak); 1.500 metrokoa (2010-2011 jaiotakoak); eta 6.300 metrokoa (2004-2007 jaiotakoak). 10:00etan hasiko dira ibilbide horiek, eta doakoa izango da parte-hartzea.

Izen-ematea, zabalik

Izen-ematea Mundukideren webgunean egin beharko da, urriaren 14a baino lehen. Lasterketa egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 9:00etatik 10:30etara bitartean, Otalora jauregiko aparkalekuan. Gainera, lasterketa solidarioan parte hartzerik ez dutenek, dortsal solidarioa eskuratu ahal izango dute webgunean edo Bizum bidez.

Mundukideri babesa

Fagorrek urteetako harremana du garapen bidean dauden herrialdeen garapen komunitarioa sustatzen duen Mundukiderekin. Besteren artean, ekarpen esanguratsua egiten du urtero fundazioak Mozambikeko, Kolonbiako, Etiopiako, Ekuadorko eta Brasilgo proiektuekin jarraitu ahal izateko. 2024an, esaterako, ia 290.000 euro bideratu zituen Fagorrek Mundukidera. Horrez gain, kooperatiba taldeko zenbait bazkidek dihardute fundazioaren proiektuetan; eta badira urtean zeharreko bestelako elkarlaneko proiektu ere.