Skip to main content

2021. urteko iraunkortasun memoria aurkeztu du Fagor Taldeak. Euskarri desberdinak landu ditu 2021. urteari loturik bilduriko datuak azalarazteko. Fagor 2030 iraunkortasun estrategian zehazturiko xedeak oinarri, bost ardatz nagusitan sailkatu da baturiko informazioa: lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza demokratikoa, pertsonak, planeta eta komunitatea. Bada, horiei dagozkien datu kuantitatiboak zein kualitatiboak topatu ahal izango dira landuriko hiru euskarritan –iraunkortasun memoria, haren laburpen liburuxka eta memoriaren online laburpena-.

Oro har, 2021. urtea “garrantzitsua” izan da Fagor Taldearentzat. Halaxe aitortu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak: “Gure Batzar Nagusiak 2030 iraunkortasun estrategia onartu du. Hamarkada oso baterako bide-orria da, gure jardun industriala iraunkortasunak ezaugarritutako aro berrira egokitzeko iparrorratza”. Ostera, Covid-19ak, energiaren garestitzeak eta Ukrainako gatazkak ezaugarrituriko testuinguruak eragindako ziurgabetasun egoeran erakutsiriko moldatzeko gaitasuna azpimarratu du Alustizak. Hain zuzen ere, mundu osoan banaturiko 11.003 lanposturekin -horietatik 4.811, Euskal Herrian daude-, 3.978 bazkiderekin -iaz baino 141 gehiago- eta 58 milioi euroko irabaziekin itxi du urtea. Irabazitakotik, 41 milioi euro geratu dira Euskal Herrian.

Horrez gain, urrats berriak egin dira gobernantza demokratikoaren alorrean. Besteren artean, ordainsari sistema eguneratu da, datu pertsonalen babeserako legera egokitzeko moldaketak egin dira, Fagor Taldearen webgunea berritu da eta kooperatiba taldearen Bihargin aldizkariaren lehen alea argitaratu da. Era berean, gobernantza demokratikoaren alorrean, kooperatibetako kontseilu errektoretan eta sozialetan dabiltzan bazkide-langile kopurua dakar gogora iraunkortasun memoriak. Orotara, 214 pertsona dira organo horietan dabiltzanak -emakumeak dira 58; eta,  gizonak, 156-.

Bestetik, izan da urratsik pertsonen alorrean ere: Berdintasun Batzordearen sorrera, telelana lan modalitate gisa aplikatzeko irizpide orokorrak jasotzen dituen araudiaren onarpena eta euskararen aldeko lanean sakontzea -Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2021eko Abbadia saria jaso du Fagor Taldeak euskararen alde eginiko lanagatik-, besteak beste. Eta azpimarratu beharreko besterik ere bada: memorian jasotakoaren arabera, plantillako batez besteko soldatarekin alderatuta, 2,5 gehiago jasotzen dute exekutiboek Fagor Taldean -Ibex 35 enpresek 105 gehiago jasotzen dute, batez beste-.

Ostera, planetarekiko konpromisoa oinarri, Fagor Taldeak langaien artean du karbono aztarna murriztearen zeregina. Horretaz ere badihardu iraunkortasun memoriak. Hainbaten artean, karbono aztarna kudeatzeko plan korporatiboaren lanketari dio ekina, eta hari dagokion neurketekin dabil, egoera zein den ezagutu, eta murrizteko balizko bideak identifikatzeko. Oro har, 2020ko datuekin alderatuta, gora egin du karbono aztarnak -tartean, ekoizpenaren gorakadak eragin du hori-. Eta, horrez gain, jatorri berriztagarriko energia kontsumoan jarri du mira iraunkortasun memoriak: 2021ean, 2020an baino %10 handiagoa da kopurua -kontsumo totalaren %54 izan zen-.

Bukatzeko, garapen komunitarioari loturiko datuak ere barnebiltzen ditu iraunkortasun memoriak. Bada, 2021ean, 1,13 milioi euro banatu dira garapen komunitarioaren aldeko lanean diharduten erakundeen artean, eta aldian aldiko zenbait ekimeni ere egin zaie ekarpen ekonomikorik. Laguntzak jaso dituztenen artean daude Gizabidea Fundazioa (269.123 euro), D2030 garapen iraunkorrerako sarea (269.123 euro), Mundukide fundazioa (97.665 euro), Errigora (30.000 euro), Bizipoza (25.000 euro), Gureak (12.000 euro), Garabide (10.000 euro)…