Skip to main content

Boluntario bila ari da First Lego League (FLL) Euskadi-Mondragon. Dagoeneko zabalik da izen-ematea. Ohi moduan, EAEko ikasleen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoekiko interesa pizteko bitarteko izan gura du, jakintza ildo berri bat irekiz. Aurtengoa ere, lehiaketa ofiziala izango da, estatu mailako txapelketara sailkatzeko baliagarri. “FLL Explore eta FLL Challenge erronkak izango dira. Lehena 6-9 urte arteko ikasleei dago zuzendua, eta, bigarrena, 10-16 urte artekoei”, argitu dute antolatzaileek. Martxoaren 2an izango da finala, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean, Arrasaten (Gipuzkoa). FLL Euskadi-Mondragonen babesleen artean da Fagor Taldea.

Hitzorduaren aurkezpen prentsaurrekoa egin da urtarrilaren 25ean. Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkatea, Maite Anaya Rodríguez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Diseinu Berrikuntzako irakasle eta ikertzailea eta Iñigo Larrea Azpeitia Mondragon Korporazioko Talentuaren Kudeaketako arduraduna izan dira bertan. Arrasateko alkatea “pozik” azaldu da beste urte batez First Lego League Euskadiren finala Arrasaten egiteagatik, “Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutza balorean jarri, eta, herria, teknologia talentuaren hiri bilakatzen duelako”. Iñigo Larrea Azpeitiak, bestalde, aipatu du gizarteko erronkei aurre egiteko, teknologia “modu berritzailean” erabiltzen ikasten dutela First Lego League ekimenean parte hartzen duten gazteek. Balioan jarri du hori.

Laguntzeko modu desberdinak

Arrasateko ekitaldirako 100 boluntario behar dituztela nabarmendu du Maite Anaya Rodriguezek. “40 talde izango dira, 300 ikasletik gora. Boluntarioak beharrezko dira horiei guztiei laguntzeko”, argitu du. Era berean, azpimarratu du ez dela profil jakin bat bilatzen boluntario lanetarako, eta herritar guztiak daudela gonbidatuta. Modu ezberdinetan har daiteke parte ekimenean: arbitroa (roboten jolasa kontrolatzeko ardura izango du), epailea (taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditu), floaterra (lehiaketak irauten duen bitartean taldeei laguntza emango die), zientzialaria (junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditu), Timekeeper & Scorekeeperra (mahai-jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatuko ditu) eta eremuen arduraduna (lehiaketaren eremuak kontrolatuko ditu).