Skip to main content

Bestelako enpresa eredu baten aldeko ekinbidean, 1964. urtean sortu zen Fagor Taldea, Ularco izenpean, Debagoieneko lau kooperatiben batasunetik: Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan. Bada, horietako hiru dira Taldeak bere eginiko lehen izen horren oinarri (Ulgor, Arrasate eta Copreci). Dena den, kooperatiba taldearen, eta, oro har, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren erroak topatzeko urte batzuk egin behar dira atzera.

Besteren artean, esangura handikoa izan zen Ulgor kooperatibaren sorrera –1956an hasi zuen bidea–. Zehatz esanda, Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaechea eta Javier Ortubay gazteen ekimenez sortu zen kooperatiba, Jose Maria Arizmendiarrietak bultzatuta. Horretarako, inguruarendako eta bertako herritarrendako garrantzitsua zen Arrasateko Union Cerrajera enpresan zituzten lanpostuak utzi behar izan zituzten, beti ere, bestelako enpresa eredu bateranzko jauzia egiteko konbikzioz. Halaxe oroitzen zuen Ormaecheak: “Ibilbide berriari ekiteko, bost pertsonako taldea sortzeko erabakia hartu zen. Arizmendiarrietaren onespena zuen talde horrek. Ordura arte, tailerreko ofizinetako eserleku batetik besterik ez nuen ikusia enpresaren mundua. Alor finantzarioarekin, komertzialarekin, nazioartekoarekin, edo, besterik barik, sozialarekin zuzeneko harremanik izan barik, bat-batean, konpromiso errealekin genbiltzan, atzera bueltarako aukera barik”.

Esan moduan, filosofia aldaketa zekarren Ulgorren sorrerak: langileak izango ziren enpresaren jabeak. Eta ekimena ez zen ustekabean pasa. Eurek ere ez zuten ezkutatu. “Egiten genbiltzana ezaguna zen bailaran. Beharrezko genuen bazkideak eta haien ekarpen ekonomikoak biltzea, hasierako finantza oinarria hazteko”, dio Ormaecheak. Gainera, metalurgia industriarentzat egokiak ziren baldintzak barnebiltzen zituen herriak, esaterako, burdin meategiari eta energia hidraulikoari esker. Oro har, galdaketaren eta metalurgiaren teknologiaren bueltako ezagutza handia zegoen Arrasaten. Eta hori funtsezkoa izan zen Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa sortzeko.

Ostean jaio ziren Ularcoren sorrera ekarri zuten gainerako kooperatibak. Fagor Arrasate izan zen horietan lehena. Hain zuzen ere, 1957an sortu zen, inguruko enpresei burdinaren eta altzairuaren maneiurako makineria eskaini guran. Gerora, 1963an, sortu zen Copreci, linea zuriko etxetresnen eta berogailuen erregulaziorako osagarriak ekoizteko. Eta Ederlanek ere enpresen arteko batasuna izan zuen oinarrian: 1966an batu egin ziren Ulgorreko sekzio bat eta zonaldeko bi enpresa, altzari grisen eta nodulu piezen fundizioan zein aluminiozko piezen injekzioan jarduteko. Ostean etorri ziren Fagor Industrial (1960. urtean sortu zen, Ulgorreko dibisio gisa) eta Fagor Electrónica (1966. urtea) kooperatibak. Horietan lehena, Ulgorrek sukalde industrialen sektorera begira zuen departamentua izan zen hasiera batean.