Skip to main content

Niche Mobility enpresak 1,6 milioi euroko inbertsioa itxi du Fagor Taldeko Copreciren ekarpenarekin -beste zenbait entitateren laguntza ere jaso du-. Mondragon korporazioko Promozio Fondoak eta Coprecik kapitala handitzea sinatu dute, Clave Capital kudeatzailearen aholkularitzarekin. Proiektuarekin, eta, oro har, mugikortasun jasangarri eta berritzailearekin duten konpromisoa berretsi dute enpresek.

Bizikleta elektrikoen motorren (ADTS) garapeneko azken fasea eta ekoizpen prozesua indartuko dira. Copreciko Berrikuntza, Negozio Berriak eta Transformazio Digitaleko zuzendaria den Rodrigo Orue Orueren hitzetan, “albiste zoragarria da eragiketa berria, industria-partaidetza handia baita”. Gaineratu duenez, motor elektrikoen fabrikazioan esperientzia, ezagutza tekniko eta gaitasun produktibo handia duen kooperatiba izanik, proiektu berria dibertsifikazio eta hazkunde aukera estrategikoa da Coprecirentzat.

Bestetik, Niche Mobility enpresako fundatzailea den Marc Barceló Cristinak “positibotzat” jo du inbertsio erronda ixtea: “Oso eskertuta gaude bazkide berrien zein gure akziodunen babesagatik, proiektuan, taldean eta gure ikuspegian konfiantza izan baitute. Inbertsioak aurreikusitako erritmoari eusteko aukera ematen digu, eta produktua Eurobike 2025en aurkezteko garaiz amaitzea bermatzen da”.

Gironako (Espainia) Parke Teknologiko eta Zientifikoan dago Niche Mobility, eta bizikleta elektrikoetarako soluzio teknologiko aurreratuak garatzen ditu. Orain, prozesu garrantzitsu batean sartu da, eta prototipoak egitetik ekoizpenera egin du jauzi. Enpresak sektoreko posizionamendua indartzeko lanean dihardu, eta horretarako, inbertsioan ezinbesteko izan du bazkide berrien inkorporazioa.