Skip to main content

Mondragon korporazioaren Komunikazio Foroa egin zen azaroaren 17an, Donostiako Basque Coulinary Centerren (Gipuzkoa), komunikazioaren garrantziaz, krisien kudeaketaz eta iraunkortasunaz jarduteko. Hain zuzen ere, azken horretan esku hartu zuen Fagor Taldeko Iraunkortasun eta Komunikazio arduradun Aritz Otxandiano Kanpok. Harekin batera jardun zuten Alejandro Martinez Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak, Adria Gelabert Anthesis Lavolako Merkatuen zuzendariak zein Patricia Gutierrez Basque Coulinary Centerreko Komunikazio eta Marketin zuzendariak. Eurez aparte, komunikazioaren garrantziaz egin zuen berba Elena Resano Atresmediako kazetari eta aurkezleak; eta Miguel Lopez Gestampeko Komunikazio zuzendari eta Dircomeko lehendakariak, krisien kudeaketaz.

Bada, hainbaten artean, enpresek, eta, oro har, gizarteak, iraunkortasunaren erronkari heldu beharraz aritu zen Fagor Taldeko Iraunkortasun eta Komunikazio arduraduna: “Gaur-gaurkoz planetaren muga biofisikoetatik kanpo gaude, eta, horrek, kolapsora bidean jartzen gaitu. Beharrezkoa da erronkari behar moduan heltzea. Arazoaren parte garen heinean, enpresok serioski heldu behar genioke gaiari. Konponbidearen parte izen beharra dugu halabeharrez”. Neurri berean, “inflexio puntuak” baliatzeko deia egin zuen, orain, gizartea horietako batean dagoela iritzita. “Fagor Taldea inflexio puntu batean sartu zen duela zenbait urte. Zera galdetu zion bere buruari: ‘Zertarako nago hemen?’. Hausnarketak, eraldaketa sozialean sakondu beharra identifikatzera eroan zuen Taldea. Gaur-gaurkoz, iraunkortasuna da eraldaketa soziala, beraz, horri heltzea erabaki zen”, gaineratu zuen.

Gardentasunaren garrantzia

Bide batez, gardentasunaren garrantzia azpimarratu zuen Otxandianok. “Badira aurrerapauso gutxiagoko alorrak, zailtasun gehiago dituztenak. Hori ere azaldu beharra dago. Gardentasuna erdigunean izan behar du komunikazioak”, azpimarratu zuen. Eta, horretan geratu barik, estrategia bera ekintzen bidez “indartzeaz” egin zuen berba. “Ezagunak dira Fagor 2030 iraunkortasun estrategiak barnebildurik dituen bost ardatzak. Askotan egin da berba haren helburuez. Bada, garrantzitsua da horiek lortzera bidean abiaraziriko ekimenak ezagutaraztea. Egiten den hori gizarteratu beharra dago”, azaldu zuen.

Hitzordua laburtzeko ikus-entzunezkoa landu du TUlankidek: