Skip to main content

Fagor Taldea kide den Mondragon Korporazioak positibotzat jo ditu 2022ko emaitzak, uztailaren 19an Donostiako (Gipuzkoa) Kursaal Kongresu Jauregian eginiko urteko Kongresuan. Zehatz esanda, 2022an, 10.607 milioi eurokoak izan ziren salmentak -2021eko datuekin alderatuta, %10,7ko hazkundea izan dute-; eta, 68.879ko batez besteko kopuruarekin, igoera txiki bat izan da langile kopuruan. Era berean, 2022an gora egin zuen inbertsio zifrak: 347 milioi euro bideratu ziren inbertsioetara, 2021ean baino %11,8 gehiago.

“Zenbaki horiek baieztatzen dute kooperatiba gehienak gai izan direla ekitaldi zail bat aise gainditzeko, non Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak bereziki baldintzatu duen ekonomiaren eta merkatuen bilakaera. Era berean, positiboa izaten jarraitzen du 2023ko lehen bost hilabeteetako portaerak, merkatuetan uzkurdura sintomak ageri diren arren”, azpimarratu du Korporazioak. Dena den, bikor da aurrera begirako aurreikuspenetan: “Ziur gaude, gertatuz gero, aurre egin ahal izango diegula egoera kaltegarri posibleei, frogaturik baitaukagu gure kooperatiben egokitze gaitasuna. Gainera, eskaera asko ditugu jasota. Beraz, ekitaldi berria ondo amaitzeko aurreikuspenez dihardugu”.

Berrikuntza, aurrera egiteko

Mondragon Korporazioak aurrera urratsekin segitzen du berrikuntzaren alorrean. Hain zuzen ere, hamabi berrikuntza zentro eta I+G kooperatiba-unitate ditu, eta, orotara, horiek, 2.000 pertsonari ematen diete enplegua, lanaldi osoan. Bestetik, 393 familia patente ditu gaur-gaurkoz Mondragonek. “Kopuru hori zinez handia da EAEko zifrekin alderatuta”, argitu dute ordezkariek.

Ostera, 174 milioi eurokoak izan dira kooperatiba industrialek egindako I+G gastuak. Eta, era berean, gizartearen egungo erronkekin lotutako proiektuetan eta adimen artifizialarekin, ekonomia zirkularrarekin edo ingurumena zaintzearekin zerikusia duten nazioarteko hainbat proiektutan dihardu. Gainera, kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan.

Dibisio berria

“Ezagutza Dibisioaren Egituraketa” proposamena du egina Mondragonek erakunde guztiak dibisio berean integratzeko eta horien arteko lankidetza bultzatzeko. Ikastetxeak (Arizmendi Ikastola, Politeknika Txorierri eta Lea Artibai), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta zentro teknologikoak (Ikerlan, MIK, Lortek eta Leartiker) leudeke hor. “Azken finean, Mondragonen ekosistema kontzeptua indartzen laguntzen duen beste urrats bat eta esangura handiagoko helburuak lortzeko erakundeen arteko lankidetza gaitasuna balioesten duen proiektu bat da”, diote Korporazioko ordezkariek.

Hain zuzen ere, 150 milioi euro inguruko aurrekontua du 11 erakunde eta 2.000 pertsona inguru biltzen dituen dibisio berriak, “ezagutzaren esparruan proiektu sozioenpresarial indartsuagoa garatzeko eta etorkizunean erronka konplexuagoei aurre egiteko”.