Skip to main content

Euskadi Avanza saria erdietsi du Mondragon Assemblyk. Oro har, azken urtean gizarteari eginiko ekarpena aitortu gura izan diote El Correok eta Banco Sabadellek kooperatibari, batez ere, pandemia garaiko jarduna goraipatuz. Harenaz gain, Iberdrolaren, Carmen Martinez enpresariaren eta Viralgen farmazia enpresaren jardunak aitortu gura izan dituzte aipaturiko bi entitateek.

Besteren artean, COVID-19ak ezaugarrituriko garaian Mondragon Assemblyk egindakoaren eta izandako jarreraren fruitu da Euskadi Avanza saria. Finean, pandemiaren eraginak murrizteko eten bariko ahaleginean jardun du azken urtean, musukoa moduko bitartekoen eta osasun alorreko langileentzat babes jantzien gabeziari aurre egin guran. “Musukoak egiteko beharrezko genituen lineak ekoizteari ekin genion. Bost astez jardun genuen larunbat eta igandetan lanean, Txinako langileen inplikazio osoz, 18 makina egin eta horiek EAEra bidaltzeko”, azaldu du Luis Mari Imaz Mondragon Assemblyko zuzendari nagusiak.

Hamabi asteko iraupenez, hilean 70 milioi musuko eskaini zizkion Mondragon Assemblyk EAEri, Bexen Medical enpresarekin elkarlanean. “Harro gaude arazoari aurre egiteko zereginari geure alea eskaini izanaz. Orain, gizartearekiko dugun konpromisoagatik ezagutzen gaituzte askok”, dio Eider Lozanok, kooperatibako Kontseilu Errektoreko zuzendariordeak. “Kooperatiba malgua gara. Erantzunerako gaitasun handia erakutsi dugu, tartean, pandemiak eragindako gizarte eta osasun beharrak asetzen saiatzeko bitartekoak jarriz”, gaineratu du.

Lozanoren esanetan, Mondragon Assemblyk duela zenbait urte ekindako nazioartekotze estrategia “anbiziotsuak” esangura handia du azken boladan lorturikoetan. Hari esker, esaterako, kooperatibak bost fabrika ditu hiru kontinentetan banatuta, eta, bulego komertzial bat, Indian. “Estrategiaren arrakasta berretsi du azken bost urteetako hazkundeak. Adibidez, %100eko hazkundea izan dute salmentek, eta 450 lanpostu zuzen izatera heldu gara”, dio.

Bukatzeko, Mondragon taldeko kooperatiben zeregina aitortu izana eskertu du Lozanok. Eta, horretan geratu barik, enpresa moduan, gizartearen mesedetan lan egiten segitzeko konpromisoa berretsi du.