Mondragon Assembly kooperatibak 52.000 kilometro baino gehiago egin ditu kirol erronka solidarioaren laugarren edizioan. Oro har, helburu bat zuten finkatuta filial eta bulego komertzialetako langileek: 40.000 kilometro baino gehiago egitea. Aise gainditu dute. “Beste urte batez, kooperatibak argi utzi du konpromisoa, talde-lana eta elkartasuna haren DNAn daudela”, azaldu dute Mondragon Assemblytik.
Aurtengoan, Brasilgo Americana hiriburuko filialak lortu du lehen postua. Zehatz esanda, 5.000 euroko saria jaso du, eta Sespa erakundeari bideratu dio diru hori. Haien esanetan, erakundeak lan garrantzitsua egiten du tokiko komunitatean: “Giza garapena sustatzen du zerbitzuaren eta elkarbizitzaren bidez, familia-loturak sendotuz, giza eskubideak defendatuz eta haur zein adineko pertsona ahulei laguntza eskainiz”. Ostera, Aretxabaletako (Gipuzkoa) filialarentzat izan da bigarren postua, eta 3.000 euroko saria eskuratu du. Alzheimerra duten pertsonak eta haien familiak laguntzen dituen Afagi elkartera bideratu du dirua.
“Ekarpenekin, tokiko kausa sozialekin duen konpromisoa berretsi du Mondragon Assemblyk, eta inpaktu positiboa eragin du komunitatean. Kirola egitea baino askoz gehiago da erronka solidarioa: batasun, gainditze eta elkartasunaren adierazgarri da”, adierazi dute kooperatibatik.






