Skip to main content

Automozioaren sektorea eraldaketa prozesu batean dago murgildurik, hasia baitago mugikortasun eredu iraunkor, elektriko, partekatu, konektatu eta autonomo bateranzko bidea. Etor daitekeen horren esperoan egon barik, erronka berriei behar moduan heltzeko ahaleginean dabil Fagor Ederlan. Halaxe berretsi du Juan Mari Palencia Fagor Ederlan Groupeko zuzendariak TUlankideri eskainiriko elkarrizketan: “Denbora daramagu trantsizio horretan murgildurik, baita ibilgailu elektrikoaren beharrei erantzuteko lanean ere. Identifikatuak ditugu merkatuaren etorkizuneko eskaerak eta harantz ditugu bideraturik gure ahalegin guztiak, bai berrikuntzaren ikuspegitik, baita ekoizpen prozesuei dagokienez ere”. Horren emaitza dira, besteren artean, autoei osagai arinak eskaintzeko produktu zein teknologia aurreratuak, balazta danborra, atzeko ardatz elektrikoa…

Kooperatibak dagoeneko nabari ditu merkatuaren bilakaera eta exijentzia berriak. Duela bi urte, esaterako, %7 edo %10era artekoa zen ibilgailu elektrikoei loturik Fagor Ederlanek eginiko produktu eskaintza. Gaur egun, ostera, eskaintzen duenaren erdia doa ibilgailu elektrikoetara. Era berean, powertrain elektrikoko osagaietan ere nabari da merkatuaren bilakaera. Hain zuzen ere, kooperatibak bi aldiz gehiago saldu zuen 2021ean; eta, aurreikuspenen arabera, hamar aldiz gehiago salduko litzateke 2022an -proiektu estrategiko berriak jarri dira martxan, eta sektorearen eraldaketa elektrikoan garrantzia handikoak diren bezeroekin egingo dira horietako zenbait-.

Iraunkortasuna, erdigunean

Fagor Ederlanek erdigunean jarria du iraunkortasunaren gaia. Eta ez da egun batetik besterako erabakia. “Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik, guretzat beti izan da garrantzitsua iraunkortasuna. Gure ustez, gure proiektuak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da gure ingurunea modu iraunkorrean garatzea. Eskakizuna eta lehentasuna da”, argitu du Palenciak. Horrek, gainera, badu islarik: duela gutxi, Fagor Ederlanek B- puntuazioa lortu zuen CDP txostenean (CDP Score Report), klimaren eta uraren atalean. Hala, metalgintzaren sektoreko batez bestekoaren gainetik jarri da, aurreko emaitzak hobetuta.

Eta bide beretik segitzearen garrantzia azpimarratu du Fagor Ederlan Groupeko zuzendariak: “Iraunkortasunean edozein aurrerapen eginda, gero eta hurbilago egongo gara gure helburura heltzetik, gure industria jarduera neutrala izateko helburuak ahalik eta epe laburrenean lortzetik, alegia. Horrek, indarra ematen digu modu arduratsuan, seguruan eta iraunkorrean lan egiten jarraitzeko, gure balio kooperatiboak oinarri izanda, gure ekintzen ingurumen inpaktua minimizatzeko konbikzioz”.

 

Idatzi iruzkina