Skip to main content

Euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio maila aitortzeko Eusko Jaurlaritzak ematen duen goi-mailako Bikain ziurtagiria jaso du Fagor S.Coop.-ek (Taldeko Bulego orokorrak), Gasteizko (Araba) Europa Jauregian egin den ekitaldian. Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak jaso du ziurtagiria -Taldeko Euskara Batzordeko kide ere bada-.

Gauzak horrela, azken urteetako joerari heltzen dio kooperatiba taldeak: Fagor Arrasatek, Fagor Automationek, Fagor Electronicak, Coprecik, Mondragon Assemblyk eta Koniker ikerketa zentroak 2024an jaso zuten goi-mailako Bikain ziurtagiria; eta, Fagor Ederlanek eta Onnera Groupek, 2023an. Era berean, ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio prozesuan da Galbaian.

“Goi-mailako Bikain kalitate-ziurtagiridun Taldea da Fagor. Euskarari lan munduan funtzio propioak aitortu eta urteetan zehar lana euskaraz egiteko hartutako neurriek zein eginiko inbertsioek badituzte emaitzak. Horrelako prozesuek aukera eskaintzen dute egindako bidea balioan jarri eta aurrera begira ere lanean jarraitzeko”, azaldu du Fagor Taldeko lehendakariak.

Euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten entitateak aitortzea du xede Eusko Jaurlaritzak, “euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara hel dadin”. Oro har, kalitate-ziurtagiriaren bidez, euskarak erakundeen jardueran eta kudeaketan duen garapen maila ebaluatzea, egiaztatzea eta aitortzea bilatzen da.

Hiru maila

2008an sorturiko Bikainek hiru maila ditu, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa oinarri: oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa. Besteren artean, zerbitzuari (irudia, bezeroekin harremana…) eta lan eremuari (kudeaketa, barne komunikazioa…) dagozkionak baloratzen ditu epaimahaiak.