Skip to main content

Fagor Taldeak pilatu ditu kilometro iraunkor gehien irailaren 16tik urriaren 16ra bitartean egin den Urban Mobility Challenge erronkan. Hain zuzen ere, azken urteotan bezala, haren erabiltzaile diren enpresen arteko sailkapena egin du Ciclogreen aplikazioak, lanerako bidean modu jasangarrian egindako kilometroak eta zikloak oinarri. Fagor Taldeak bukatu du lehen postuan, 40.313 kilometro eginda -horri esker, 4.724 kg CO2ren isuria saihestu da-, iazko hirugarren postua hobetuz. Ekimenak, Fagor Mugi egitasmoa du oinarrian. “Goraka doa Fagor Taldean pilaturiko kilometro iraunkor kopurua. Indartzen ari da Fagor Mugi ekimena. Pozgarria da hori. Pozgarria, eta beharrezkoa. Izan ere, CO2 isurien eragile nagusienen artean da mugikortasuna. Planetaren zaintzan sakondu, isuria murriztu eta ingurumenari eginiko kaltea mugatu gura bada, beharrezkoa da, besteren artean, mugikortasun ohiturak aldatzea. Horretarako bitartekoak jartzen ari da Fagor Taldea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Zehatz esanda, 152 lagunek hartu dute parte Urban Mobility Challenge erronkan, gutxienez lanerako ibilbide jasangarri bat eginez. Ostera, erronkak iraun duen bitartean, autobusez egindakoak izan dira kilometro iraunkor gehienak (16.041 km). Ostean leudeke bizikleta (13.000 km), auto partekatua (7.045 km), bizikleta elektrikoa (2.052 km) eta oinez eginiko kilometroak (1.919 km). Esan moduan, orotara, 40.313 izan dira Fagor Taldeak pilaturiko kilometro iraunkorrak. Haren atzetik, hurrenez hurren, Ulmak, Comsak eta Decathlonek pilatu dituzte kilometro iraunkor gehien.

Mugikortasun iraunkorrerako plana

Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa aldian aldiko erronketatik harago doa. Tartean, aurrera begirako bide-orria zehaztu guran, mugikortasun iraunkorrerako plana landu du berriki. Besteren artean, Taldeko kide diren kooperatibetan mugikortasun jasangarrirako ibilgailuen erabilera errazteko bitartekoak jartzea, garraio kolektiboa bultzatzeko ekinbideak sustatzea eta langileen lekualdatzea murrizteko neurriak abiaraztea modukoak proposatzen ditu mugikortasun planak. “Orain, proposamenak mahai gainean, horien egingarritasuna neurtu, eraginak aztertu eta balizko neurriak abiarazi beharra legoke. Urrats sendoak behar dira, eta bidean aurrera egiten jarraitzeko prest dago Fagor Taldea”, aitortu du Iraunkortasun arduradunak.

Gainera, kooperatiba taldetik harago egin gura luke Fagor Taldeak, Debagoiena eskualdeko (Gipuzkoa) enpresa, eragile eta erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertuz, eta, posible litzatekeen kasuetan, ekinbide bateratuak bultzatuz. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bidez egingo litzateke hori. Dagoeneko hasia dago bidea.