Skip to main content

Diosic berrikuntza proiektua aurkeztu dute. Zehatz esanda, egitasmoa aitzindari da silizio karburozko substratuak darabiltzaten erdieroaleen garapenean, eta, besteren artean, tenperatura eta presio isostatiko (HIP Hot Isostatic Pressing) zein korronte intentsitate (SPS Spark Plasma Sintering) altuak darabiltza horretarako. Fagor Electrónica (diskoetako SiC diodoen  ekoizpena, muntaia eta potentzia diodoen kontrolean), Hiberbaric (HIP teknologiaren garapenean) eta Nanoker (hazkunde epitaxialerako egokia den substratu polikristalinoaren garapenean) dira egitasmoaren bultzatzaile nagusiak.

“Potentziako elektronikan erabilgarri liratekeen ezaugarri bereziko material berriak landu beharra du egitasmoak oinarrian. SiC potentziadun diodoak oso erabilgarri dira energia berriztagarrietan eta ibilgailu elektrikoetan, hala nola, baterien kargagailuetan eta bestelako on-board aplikazioetan (OBC) edota autoetako baterien inbertsoreetan”, azaldu du Mikel Perez Sebastian Fagor Electrónicako I+G eta Digitalizazio zuzendariak. Bere hitzetan, besteak beste, kostuak murriztea, efizientzia hobetzea eta SiC diodoen erabilera zabaltzea ekarriko luke proiektu berriak.

Fagor Electrónicaren ekarpena

Proiektuan parte hartzen ari den enpresa nagusienen artean da Fagor Electrónica kooperatiba, batez ere, ekoizpenari begirako ekarpena eginez. “Txipen ekoizpenean, muntaketan eta potentzia-diodoen proba aldian duen esperientzia zabala eskaintzen dio Fagor Electrónicak Diosic proiektuari, automobilgintzaren merkatuak exijitzen dituen kalitate-estandar altuen betetzea bermatzearekin batera”, argitu du Fagor Electrónicako I+G eta Digitalizazio zuzendariak.