Fagor Ederlan kooperatiba urrats sendoak ari da egiten iraunkortasunaren alorrean, eta haren ahalegina aitortua izan da zenbaitetan. Horri lotuta, Ecovadisen zilarrezko domina jaso du berriki, 2025ean zehar egindakoagatik. Zehatz esanda, 70 puntu erdietsi ditu jasangarritasunean eta erantzukizun sozial korporatiboan mundu mailan aintzatespen handiena duen ebaluazio-sisteman, eta, horrekin, hobetu egin du orain arte zuen puntuazio globala.
Fagor Taldeko kooperatibak merkatuan duen posizioa indartzen du errekonozimendu berriak, eta lan-aukera berriak zabaltzen dizkio. “Errekonozimendu berria, Fagor Ederlan osatzen duten pertsona guztien eguneroko lanaren isla da. Gainera, eredu arduratsuago, lehiakorrago eta jasangarriago baten alde egina dagoen apustua berresten du, nolabait”, azaldu dute kooperatibatik.
Bereziki automobilgintzaren sektoreko hornidura kateetan dago espezializatua Ecovadis. Oro har, ingurumen, praktika laboral eta giza eskubide, etika edota erosketa jasangarriei loturiko politika, ekintza eta emaitzak baloratzen ditu; eta, horrekin guztiarekin, 0 eta 100 arteko puntuazioa zehazten du.






