Skip to main content

Fagor Automation kooperatibak haren azken berrikuntzak aurkeztu ditu Europako makina-erremintako azoka garrantzitsuenetarikoan: EMO Hannover azokan. Irailaren 22tik 26ra bitarte mundu osoko 1.500 enpresa bilduko dira Alemaniako Hannover hirian -horietako 32 euskal enpresak dira-. EMO ezinbesteko hitzordua da makina-erreminta, automatizazioa eta industria digitalizazioan diharduten fabrikatzaileentzat.

Fagor Automationek urteak daramatza EMO Hannover azokan parte hartzen. Proposamen teknologiko sendo bat darama, kooperatibaren hiru negoziotan oinarritzen dena: kaptazio sistemetan, CNC sistemetan eta Fagor Digital Suiten -digitalizaziorako konponbidea-. Hirurek Fagor Automationek teknologiarekin eta sektore industrialaren garapenarekin duen konpromisoa erakusten dute.

Balorazio positiboa

Espainiako Estatuko AFM Kluster erakundeak antolatzen du azoka. AFM Klusterreko presidentea eta Fagor Automationeko zuzendari nagusia den Jose Perez Berdudek azokaren inguruko espektatibak azaltzen ditu: “Enpresak interes handiarekin joan ohi dira azokara, besteak beste, aurreikusteko zein izango den merkatu eta sektoreen dinamika datozen hilabeteetan. Enpresek haien berrikuntzak aurkezten dituzte eta Europako, Ameriketako eta Asiako bezero garrantzitsuekin egoteko aukera dute”.