Skip to main content

Beste urte batez, hamargarrenez, genero berdintasunari loturiko gaietan sakontzeko aukera eskaini du Complices jardunaldiak. Aurten, zehatz esanda, erantzunkidetasuna izan da hizlarien zein bertaraturikoen berbagai eta hausnargai nagusi. “Etxeko lanen eta zainketen banaketa oraindik ez da batere ekitatiboa, eta egoera horrek oztopatu egiten du emakumeen hazkunde pertsonala eta profesionala. Hori gerta ez dadin, urrats berriak dira beharrezko. Jardunaldia lagungarri izango da urrats horien inguruan hausnartzeko”, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak. Ekinbidearen babesle izan da Fagor. Apirilaren 11n egin da jardunaldia, Oñatiko (Gipuzkoa) ArantzazuLab laborategian.

Zehatz esanda, Laura Baena Fernandez Malasmadres Klubeko lehendakaria eta Alberto Soler Sarrio familia-hezkuntzan espezializaturiko psikologoa izan dira hizlariak; eta Pilar Kaltzada Gonzalez kazetariak egin ditu moderatzaile lanak. “Hizlariok erreferente dira erantzunkidetasunaren alorrean. Baena, aktibista sutsua da, nagusiki arlo digitalean diharduena, tartean, amatasunari erromantizismo kutsua kendu guran, hurrengo belaunaldiak kontakizun gozoan eror ez daitezen. Bestetik, erantzunkidetasunaren jarrera psikologikoak aztertzen ditu Solerrek. Oro har, karga mentala da haren interbentzioen indarguneetako bat”, azaldu dute antolakuntzatik.

Kontziliaziorako urratsak

Kontziliazioarena esangura handiko erronka da Fagor Taldearentzat. Bide horretako zenbait neurri eta ekinbide abiarazi ditu azken urteotan, hala nola, araudi egokitzapenak, formakuntza eta hausnarketarako saioak… Eta lanketek martxan jarraitzen dute. Hain zuzen ere, horretarako bitarteko izan dira Complicesek erantzunkidetasunari loturik eskainiko dituen informazio eta hausnargaiak.