Skip to main content

Aurrera begirako aurreikuspenek ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren akronimoa) ikasketetan sakondu beharra dakarte, nolabait, ikasleen artean haien inguruko interesa piztekoa. Mundu mailako enpresek badakite hori, eta askotariko ekinbideak dituzte martxan jarriak talentua erakartzeko. Fagor Taldea ez da salbuespen. Finean, azken urteotan behera egin du jaiotza tasak, eta, batxiler zientifiko-teknologiko bio-sanitarioa egiten ari direnen portzentajeak bere horretan dirauen arren, beheraka doa ZTIM ikasketen aldeko hautua egiten dutenen kopurua. Esan moduan, berdina da portzentajea, baina, murritzagoa, matrikulazio fasean dagoen ikasle kopurua, azken urteotan jaiotza tasan izandako beherakadak eraginda. Hain zuzen ere, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaraturiko ikerketa baten arabera, 2030erako %10 ikasle gutxiago izango dira ikastetxeetan.

Oro har, hainbat ikerketek berretsi dutenez, ikasketa zientifiko teknologikoek zailtasunak dituzte gazteen interesa eurenganatzeko. Besteren artean, horren eragile dira gizarteak gisako hezkuntza gaiekiko ezarriak dituen pertzepzioak: zailtasun irudia, ikasle berezi gutxi batzuentzat diseinatua dagoenaren ustea, lanbide abstraktuak eta ezezagunak izatea, erakargarritasun falta… Eta hori badabil eragina izaten azken urteotako matrikulazioetan. Eustatek argitaratu duenez, 2016tik %16 pertsona gutxiago matrikulatu dira ZTIM ikasketetan. Eta, horietan, oraindik orain, gutxiengo dira emakumeak. Mondragon Unibertsitatean, esaterako, 2021ean ZTIM alorreko graduetan matrikulaturikoen %27 dira emakumeak. Sakontasunera joaz, ostera, Ingeniaritza Mekatronikoa (%6), Ingeniaritza Elektronikoa (%16), Energia Ingeniaritza (%17), Ingeniaritza Mekanikoa (%19) eta Ingeniaritza Informatikoa (%21) dira emakume kopuru murritzenak dituztenak.

Etorkizuneko aukera

Aurrera begira dihardute Fagor Taldeko kooperatibek, talentua erakartzeko zereginari helduta. Finean, jakin badakite, bailaran sortu eta errotutako kooperatiba sarea mantentzeko, beharrezkoa dela etorkizuneko profesionalak izango diren pertsona presta[1]tuak erakartzea. Horrek, besteren artean, ahalbidetuko luke Debagoienak erreferente izaten jarraitzea gizarte eraldaketan, komunitatearen indartzean eta lehiakortasunean, beti ere, enpresa egiteko eredu propioak garatuz.

Susana Soto Iglesias Mondragon Assemblyko Eguzki Negozioko Ingeniaritzako arduradunaren esanetan, horretarako, funtsezkoa da gazteek bertako kooperatibak beraien etorkizuna eraikitzeko aukera moduan ikustea: “Bitartekoak jarri behar genituzke gazteek gure kooperatibak ezagutzeko. Jakin behar lukete beraien etorkizuna eraikitzeko aukera dutela gurean, eta gure kooperatiba sareak sendotzen eta garatzen joateko giltzarri izango direla. Batez ere Debagoienean gaude leku hartuta, baina mundu mailan dihardugu. Erreferente gara. Eta, lehiakorrak izaten eta etorkizuneko erronkei heltzen segitzeko, beharrezko ditugu pertsona prestatuak”.

Emakumeak, erdigunean

Talentua erakartzeko zereginean, kooperatibek eta hezkuntza zentroek erdigunean dituzte emakumeak. “Gizartearen erdia dira emakumeak. Jaiotza tasa beheraka doa, matrikulazio datuak ere bai; eta, horien artean, emakumeak dira gutxiengo. Beraz, emakumeek esangura handia dute egoera iraultzeko zereginean. Ezinbestekoa da emakumeak ZTIM ikasketetara erakartzea”, azaldu du Maite Anaya Rodriguez Mon[1]dragon Goi Eskolako Orientazio koordinatzaileak.

Bere aldetik, matrikulazioetan emakumeak gutxiago izatearen arrazoiez mintzo, rolak aipatu ditu Oihana Jausoro Agirre Emuneko Genero berdintasun aholkulariak: “Oraindik ere gure gizartean genero aurreiritzi asko dago. Kulturalki, etxeari edota zaintza lanei lotuta egon dira emakumeen hezkuntza eta zeregina; eta, gaur egun kontrako erreferente garbiak ditugun arren, oraindik ere emakumeak gutxiengo dira ZTIM ikasketen matrikulazioetan. Oraindik ere rol horietan hezten gaituzte txikitatik”.

Gauzak horrela, talentua erakartzeko zereginean, gaian aditu direnen hitzetan, garrantzitsua da ZTIM alorrean dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna ematea, “egungo neska gazteek erreferente garbiak bistan izan ditzaten”. Finean, historian zehar, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren bueltan jardun duten emakume ugari izan dira aurkikuntza esanguratsuetan presente. Horien artean dira Ada Lovelace (1815- 1852) lehen algoritmoaren sortzailea, Hedy Lamarr (1914-2000) wifi teknologiaren asmatzailea, Mildred Dresselhaus (1930-2017) karbonoaren aplikazioaren lanketan ibilitakoa, Rose Dieng-Kuntz (1596-2008) internet sarearen lehen urratsetan jardundakoa…

Eta gertuago ere badira adibideak: Marta Macho Stadler matematikaria, irakaslea eta zientzia-dibulgatzailea; Jone Uria Albizuri matematikaria eta bertsolaria; eta Nerea Pagaldai Agiriano biologoa eta animalien portaeran espezializatua. Horiez aparte, gertuago eginez, kooperatibetan hainbat dira arlo teknologikoan ibilbide oparoa egin duten emakumeak, Gema Mancebo Miguelez Fagor Professionaleko Giza baliabideetako arduradunaren esanetan, “emakumezko erreferente garbiak ditugu gure negozioetan”.

Oro har, alor sozioekonomikotik haragokoa da emakumeen presentzia indartzearen aldarria. Eta ez litzateke ondorio positiborik bariko praktika. Zenbait ikerketen arabera, esaterako, pertsona aniztasun handiagoa dagoen lan taldeetan kalitate eta produktibitate handiagoarekin egiten da lan. Emakumeen lan modua, gainera, “autoexijentzia eta zehaztasun handiarekin» lotzen dute ikerketek, eta «errendimendua areagotzea” lekarke horrek.

ZTIM, lehiakortasunaren eta iraunkortasunaren bidelagun

ZTIM alorra indartzeko eta talentua erakartzeko zereginak ez dira itsu-itsuan heldutakoak. Tartean, badute zerikusirik gaur-gaurkoz gizarteak dituen erronkekin. “Gizartea eta industria etenik bariko eraldaketan daude murgildurik. Ingurune jasangarri zein lehiakorra eraikitzeko, sekula baino beharrezkoagoak dira ZTIM profilak. Era berean, aukera iturri dira etorkizuneko kalitatezko lanerako, eta gizartearen aberastasun eta ongizatea bermatzen lagun dezakete”, aitortu du Fagor Professionaleko Giza baliabideetako arduradunak.

Bada, eraldaketa prozesu betean dira Fagor Taldeko kooperatibak. Eta, hainbaten artean, ZTIM alorreko lanpostuak areagotzea eragin du horrek. Halaxe berretsi du Mondragon Assemblyko Eguzki Negozioko Ingeniaritzako arduradunak: “Orain, gehiago gara ZTIM alorreko lanpostuetan gabiltzanak. Eta esangura handikoa da enpresetan dugun parte hartzea. Oro har, oso presente gaude ekoizpen prozesuetan, hasieratik bukaerara”. Eta aitortu du, gora egin arren, oraindik ere “oso urria” dela emakumeen presentzia lanpostu horietan, “haien beharra egon badagoen arren”.

Gauzak horrela, Fagor Taldea ahalegin berezia egiten dabil gazteek haren industria sarea ezagutu eta eskainiriko aukera profesionalak baloratu ditzaten. Helburu horrekin, ekinbide desberdinak abiarazi ohi ditu urtean zehar, eta praktikaldirako aukera desberdinak zabaltzen ditu. Zuriñe Garitaonandia Beatove Industria Ingeniaritza masterreko ikaslea da horietako bat. Zehatz esanda, Fagor Automationen dabil praktikaldian. Haren esanetan, kooperatibak talentua erakartzeko eta praktikaldiak eskaintzeko egindako ahaleginak ez dira alferrikakoak: “Gutxiengo gara ingeniaritza alorreko ikasketetan gabiltzan emakumeak. Bada, praktikaldirako bidea zabaldu eta kooperatibak geure aldeko apustua egiteak, haren dinamikan sartu ahal izateak, geure konbikzioa indartzen du. Motibazio iturri da. ZTIM alorraren alde egindako hautua zuzena izan zela berresten laguntzen digu”.

Mondragon ZTIM HUB, ZTIM bokazioa elkarlanean sustatzeko bide

Mondragon ZTIM HUB iniziatiba sortu da Debagoienean. Zehatz esanda, ikastetxeen, enpresen, gizarte eragileen eta udalen arteko elkarlanaren bitartez, heziketa sare egonkor bat sortzea du xede nagusi. Eta hartako partaide da Fagor Taldea. Sarearen baitan, Debagoieneko 14 eta 16 urte bitarteko gazteen ikasketa joerak ezagutu guran, 2021ean ikerketa abiatu zuen Mondragon Unibertsitateak (MU), Elhuyarrekin batera. Haren arabera, mutilen %47,2k eta nesken %23,8k izango lukete etorkizunean ZTIM arloan lan egiteko interesa. Gainera, ondorioztatu zen gazteen herenak ez zuela Debagoieneko industria ezagutzen.

Diagnostiko horretatik abiatuta, hainbaten artean, ZTIM alorrean emakumezkoen bokazioa sustatzeko ekimenak proposatzen ditu ikerketak. Horien artean daude ZTIM alorreko ikasle emakumeen eta emakumezko langile, ikertzaile zein zientzialari eredugarrien ikusgarritasuna indartzea, besteak beste.

Oro har, askotarikoak dira ZTIM HUB egitasmoaren jardunbideak, baina, gaur-gaurkoz, bakarra da parte hartzaileen helburu orokorra: gazteen artean zientzia, ingeniaritza, teknologia eta matematika sustatzea. Eta badu bestelako xederik ere. Tartean dira alorrei loturiko lanbideak bistaratzea, genero aurreiritzirik bariko orientazioa, ZTIM jardueretan esku hartzea eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuetan eragitea.

Horretarako, ekintza desberdinak sustatu nahi ditu Mondragon ZTIM HUBek, hala nola, 2022-2023 ikasturtean abiaraziriko erronka tematikoak. Hain zuzen ere, erronkan oinarrituriko ikaskuntza bultzatu gura da horien bidez, DBHko ikasleei egoera edo arazo bat planteatuz, erantzun egokia emateko prozesu bat abiaraz dezaten. Ikasketa maila bakoitzari dagozkion gaitasun teknikoak eta zeharkako zenbait konpetentzia landu gura dira ekimenarekin –hor daude ikaskuntzan autonomia, talde lana, ezohiko emaitzetarako orientazioa…–. Eta, erronkari erantzuna emateko, sarearen parte diren enpresen laguntza dute ikasleek, informazio pilulekin, enpresetara eginiko bisitekin, hitzaldiekin edota bestelako ekintzekin. Enpresa horien artean dira Fagor Electrónica eta Mondragon Assembly kooperatibak.

Horretan geratu gabe, badabiltza bestelako lanketekin ere. Adibidez, ZTIM Esperientziak izeneko bideo laburren sorkuntzarekin dihardute azken hilabeteetan Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean. Horien bidez, besteak beste, emakume erreferenteak sortu nahi dira. Eta bestelako proiektuak abiarazteko lanean ere badabiltza egitasmoaren bultzatzaileak. “Identifikatuak daude ZTIM alorreko beharrak, eta, orain, horiei erantzun egokia emateko lanean dabil Mondragon ZTIM HUB. Horretarako, garrantzitsua da ikastetxeen, enpresen, gizarte eragileen eta udalen sare indartsu bat izatea. Zabalik daude ekimenarekin bat egiteko ateak”, argitu du Maite Anaya Rodriguez Mondragon Goi Eskolako Orientazio koordinatzaileak.