Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatibak ATP Engineering & Packaging enpresa kataluniarra erosi du -enpresaren kapitalaren %100 harenganatu du-, packagingaren sektorean hazteko. Egoitza Barbera del Vallesen (Bartzelona) duen enpresak, 60 langile ditu, eta 30 urteko ibilbidea ontziratze linea eta makinetan. Bartzelonan egin da akordio sinatzea, eta ATPko bazkide Nereo Urbano, Ignasi Manresa, Manel Bernat eta Joaquin Bellido; Mondragon Assemblyko zuzendari nagusi Mikel Gantxegi; eta kooperatibako lehendakari Igor Herrarte izan dira bertan.
Erosketarekin, gaitasun teknologikoa indartu du Mondragon Assemblyk, eta, elikagaien packagingaren sektorean parte hartze zuzena izanda -bereziki, picking eta ahokatze lineetan-, urrats estrategikoa egin du dibertsifikazioan. Akordioari esker, merkatuan posizio bat, esperientzia zabala, bezero garrantzitsuak, teknologia aurreratua, kalitatezko produktuak eta talde profesional sendoa dituen enpresaren bidez jardun ahal izango du kooperatibak sektorean.
Eta ATPko kideentzat ere baditu abantailak akordioak: talde kontsolidatu baten parte izatea, merkatu berrietara nazioarteko sare garrantzitsu baten bidez sartzeko aukera, baliabideak eta finantza-gaitasuna indartzea edota planta desberdinak dituen eta herrialde desberdinetan diharduen talde baten kudeaketa sisteman parte hartzea.
Enpresetako ordezkariek aitortu dutenez, erabakia hartzerako orduan, bien arteko konbergentzia eta sinergia mailak eta horiek euren garapenari eta merkatu berrietara zabaltzeko aukerei egin diezaieketen ekarpenak izan dituzte oinarrian. Bere aldetik, kooperatibaren konpromisoan jarri du mira Mondragon Assemblyko zuzendari nagusiak: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu elkarrekintza honek epe luzeko berrikuntza eta proiektuaren parte izango diren belaunaldi guztien oparotasun iraunkorra berma ditzan”.
Gama zabala eta berrikuntza
Packaging lineak eta makinak ekoizten dituen ATP Engineering & Packagingek enpresak produktu gama zabala eskaintzen die bezeroei. Horien artean dira packaging automatikorako sistemak, askotariko iztukatze- eta ahokatze-sistemak eta plantako zein logistikako ingeniaritza soluzioak. Oro har, elikaduraren, higienearen, kosmetikaren eta etxeen sektoreetan dihardu, eta berrikuntza gaitasunagatik, proiektuen pertsonalizazio mailagatik eta bezeroei eskainiriko zerbitzuengatik bereizten da. Horri guztiari esker, 12 milioi euroko salmentak ditu -%50 nazioartekoak dira, batez ere, Europako merkatuetakoak-.






