Skip to main content

Ikerketa, transferentzia eta prestakuntza programa bat abiarazteko akordioa sinatu dute Fagor Taldeko Copreci kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak. Oro har, ezagutza sortzea eta partekatzea ikerketa eta garapeneko proiektuak garatzea eta industriarako estrategikoak diren alor teknologikoetarako prestakuntza espezializatua izango dituzte xede nagusi.

Besteren artean, akordioak ekarriko du ikerketa-taldeak sortzea Mondragon Unibertsitateko ikertzaileekin eta enpresako profesionalekin. Horri esker, industriaren beharretara gerturatuko da unibertsitatean sortutako ezagutza, eta bizkortu egingo da teknologia-transferentzia.

Ikerketa-ildoak

Kooperatibaren berrikuntza-esparru nagusiei lotutako hainbat alor landuko ditu programak, hala nola, fluxuen eroapena eta bero-transmisioa; elektromagnetismoa; potentzia- eta kontrol-elektronika; softwarea eta algoritmia (ikaste automatikoa edo machine learninga barne); sistema mekanikoak; industria-antolamendua; zibersegurtasuna, eta jasangarritasuna. Bide horretan, industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak, bideragarritasun-analisiak, teknologia-erakusleak eta ezagutza zaintzeko edota transferitzeko jarduerak izango dira nagusi.

Akordioa sinatu berritan, lau urterako bide-orri teknologikoa zehazteari ekin diote Coprecik eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, tartean, garatu beharreko ikerketa-ildoak eta teknologiak lehenetsiz. Urtero berrikusiko dute, enpresaren eta ingurune industrialaren beharretara egokitzeko.

Formakuntza

Formakuntzak ere esangura handia du bi erakundeek sinaturiko akordioan: ikertzaileek, doktoregaiek eta ikasleek proiektuetan parte-hartzea sustatuko da, baita programako ikerketa-eremuei lotutako doktorego-tesien, gradu- eta master-amaierako lanen eta praktika akademikoen garapena ere.

Gainera, industriaren beharrekin bat datozen prestakuntza arautua eta etengabeko programak diseinatuko dituzte, gaitasun profesionalak hobetzeko eta talentu gazteei enpresa-munduan sartzen laguntzeko.