Gaur, irailaren 1ean, zabaldu da Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berria. Gizarte eragileek irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren proiektuak. Bosgarren edizio honetan ere, hiru laguntza banatuko ditu Fagorrek —60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 euro—, 120.000 euro, osotara. Oro har, Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte egitasmoak laguntzea du xede lankidetza programak, kooperatiba taldeak komunitatearekin eta gizarte erronkekin duen konpromisoa oinarri.
“Argia da Fagorren konpromisoa. Lana sortu eta lurraldearen ongizatea bultzatzetik harago doa haren xedea. Bidezko ereduen alde egin nahi du, eskala desberdinetatik eragin, izan Debagoiena eskualdetik, Euskal Herritik edota nazioartetik. Besteak beste, Euskal Herriko eragileen lana aitortzeko eta euren jardunean laguntzeko balio du Fagor Herrigintzak”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Aurreko urteetan bezala, fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dira proiektuak —oinarriak ere bertan daude irakurgai—, eta, besteren artean, ekinbideari buruzko informazioa, Garapen Iraunkorreko Helburuekin duen lotura, kronograma, aurrekontua eta finantzazio plana helarazi beharko dira. Oinarrien araberako balorazioa eta bozka fasea eginda —azaroan, puntu gehien dituzten egitasmoen artean aukeratuko dute Fagorreko kooperatibetako bazkideek—, abenduan jakinaraziko da zein proiektuk jasoko dituzten deialdi berriko laguntzak.
2022an abiatutako lankidetza programa
Euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen Fagor Herrigintza 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propio eta berritzaileak emateko lan egiten duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagorrek. Bazkideek hala erabakita, ondoko proiektuak lagundu zituen aurreko edizioetan:
- 2022an: Zaporeak (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro).
- 2023an: Biolur (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri (20.000 euro).
- 2024an: Hiruatx (60.000 euro), Txintxirri ikastola (40.000 euro) eta Ihitten (20.000 euro).
- 2025ean: Arizari (60.000 euro), Haize Berri (40.000 euro) eta Shifa (20.000 euro).






