Skip to main content

Fagor Taldeko Fagor Healthcare kooperatibak sektore soziosanitarioko posizioa sendotu du, bi berrikuntza tekniko merkaturatu ondotik: FMD softwarea -Bilakaera Asistentziala- berritu du eta karga paraleloko sistema ezarri du dosifikazio-sistemen prestaketan. Teknologia horien bidez, gaixoaren segurtasuna eta profesionalen errentagarritasuna hobetzea lortu du, sektore soziosanitarioko eta farmazia komunitarioaren alorreko posizioak indartuz.

FMD softwarea, blisterrak prestatzeko tresna soil bat baino gehiago da: jarraipen kliniko integrala eskaintzen die pazienteei. Funtzio berri horri esker, farmazialariek tratamenduari buruzkoak erregistratu eta ebaluatu ditzakete, Morisky-green testaren bidezko estandar zientifikoak erabiliz. Gainera, botikekin lotutako arazoak identifikatzeko eta gaixoen bilakaera analitikoa ikusteko aukera ematen du. Horrek guztiak, erabaki klinikoak hartzea errazten du, eta osasun-agente aktibo bihurtzen du farmazia, asistentzia-txosten osoak sortzeko aukera eskainiz.

Karga paraleloa

Orain arte blisterrak banan-banan prozesatzen zituen Fagor Healthcare kooperatibak. Karga paraleloaren sistema berriaren bidez, gaixo bakoitzarentzat lau unitate prestatu ahal izango ditu aldi berean, bi eta lau aste arteko epeak paraleloan landuz. Berrikuntza hori eskuzko zein automatizatutako lan-prozesuetan aplika daiteke, hainbat makina era koordinatuan erabiliz. Kooperatibaren esanetan, horrek, prestaketa denborak “nabarmen murriztea” eta langileentzat lan-fluxua “askoz arinagoa” izatea dakar. Merkaturatze berriarekin, prestaketa sekuentzialaren muga apurtzea lortu du.

Fagor Healthcareko zuzendari nagusia den Beatriz Leciñana Lasartek balioan jarri nahi izan du kooperatibak azken urteetan izaniko bilakaera: “Inoiz ikusi gabeko hazkunde-erritmoa daramagu. Infarmaren topaketa bultzada handia izan ohi da guretzat, baina aurten benetako jauzia eman dugu: egunero ari gara instalazioak egiten eta hiru orduan behin Medical Dispenser gailu bat saltzen dugu. Emaitza horiek, azken izendapen eta ekitaldiekin batera, lider gisa finkatzen gaituzte SPD dosifikazio-sistema erdiautomatikoen merkatuan”.