Fagor Taldeko Fagor Healthcare kooperatiba finalista da osasun digitalaren zein farmaziaren alorreko bikaintasuna eta berrikuntza teknologikoa saritzen duten Health Revolution Awards 2026 sarietan. Zehazki, Excellence in Pharma Innovation Awards kategoriarako izan da hautatua. Izendapen horrek balioan jartzen du Fagor Healthcarek berrikuntzarekin duen konpromisoa, baita farmazien eguneroko kudeaketa optimizatzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko diseinatutako soluzioen gaitasuna ere.
Maiatzaren 27an jakinaraziko da sarien amaierako ebazpena, Health Revolution Congress kongresuan. Azken erabakia aditu talde baten esku egongo den arren, antolakuntzak bozketa publikoa ireki du, sektoreak eta erabiltzaileek hautagaiak babestu ditzaten. Beraz, zabalik dago Fagor Healthcare kooperatiba bozkatzeko aukera, kongresuko web orriaren bidez.
Fagor Healthcare, aliatu estrategiko
Fagor Healthcare farmazia-sektorearen aliatu estrategiko gisa finkatu da merkatuan. Oro har, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko soluzioak eskaintzen ditu, tratamenduen jarraipena eta atxikimendu terapeutikoa hobetzeko bitartekoak -funtsezko faktore da edozein osasun interbentzioren arrakastarako-, nagusiki. Bere jarduera-ildoen artean, Dosifikazio Sistema Pertsonalizatua (SPD) nabarmentzen da -pazientearen segurtasuna bermatzeko botikak prestatzeko prozesua automatizatzen eta digitalizatzen du-. Osasun digitaleko soluzioak ere eskaintzen ditu.





