Beste urte batez, bi urtean behin Barakaldoko (Bizkaia) BECen egin ohi den makina-erremintaren nazioarteko azokan izan da Fagor Automation. Bost egunez, sektoreko profesionalen, bezeroen eta automatizazio soluzioak ezagutzeko interesa izan duen pertsona ororen elkargune izan da kooperatibaren standa. Azoka bukatu berritan, eurengana gerturatutako guztiak eskertu gura izan dituzte kooperatibako ordezkariek, eta azaldu dute edizio berrian aurkituriko ”energia eta interesa” inspirazio iturri direla etorkizuneko beharrak asetzeko soluzio berritzaileak sortzen jarraitzeko. Fagor Automationek haren soluzio berritzaileenak aurkeztu ditu aurtengo biurtekoan.
Besteren artean, kooperatibak leku berezia egin dio CNCelite 2.0 produktuari. “Bertsio berri honek, errendimendua, erantzun-abiadura eta sistemaren malgutasuna areagotzera bideratutako hobekuntzak dakartza, eta makina mota eta produkzio-prozesu desberdinetara errazago egokitzeko aukera eskaintzen du”, argitu dute ordezkariek. Gainera, bilakaera teknologikora mugatu barik, erabiltzaile-esperientzia intuitiboagoa eta pertsonalizagarriagoa eskaintzen du, langilearen eguneroko lana sinplifikatzeko eta martxan jartzeko denborak murrizteko lagungarri.
Horrez gain, prozesuaren doitasun-, egonkortasun- eta kontrol-baldintza altuei erantzuteko gai den artezketa-aplikazioetarako CNC 8065elite 2.0 G aurkeztu du Fagor Automationek. “Aurrez diseinaturiko ziklo liburutegi zabalari esker, errepikagarritasuna, prozesuen fidagarritasuna eta piezen kalitatea bermatzen ditu”, argitu dute kooperatibako ordezkariek.
Enkoderrak eta digitalizazioa
Berrikuntzak berrikuntza, merkatuan erreferente izaten jarraitzen dute Fagor Automationen Serie3 gamako enkoderrek, eskainitako sendotasunagatik, zehaztasunagatik eta fidagarritasunagatik. Eta, hor ere, izan da berrikuntzarik: neurketako 100 metroko ibilbidera iristen den L3 enkoder lineal modular inkrementala. ”Berrikuntza horrek, aplikazio eta ingurune zorrotzetan neurtzeko aukerak zabaltzen ditu. Oro har, Fagor Automationek segmentu horretan duen nazioarteko lidergoa sendotzen dakar”, azaldu dute kooperatibatik.
Ostera, 3STATECH teknologiak ere badakar Serie3 gamaren lidergoa indartzea. Hain zuzen ere, funtzionamendu fidagarria bermatzen du -kontrako egoeretan ere bai-. Gainera, askotariko protokolo digitalekin da bateragarria – FeeDat, barne-, beraz, kontrol-sistema desberdinetara konekta daiteke, materialen diseinua eta kudeaketa optimizatuz. “Hori guztiari eta Functional Safety ziurtagiriari esker, 3STATECH teknologia soluzio ezin hobea da segurtasuna eta fidagarritasuna eskatzen dituzten aplikazio kritikoetarako”, argitu dute Fagor Automationetik.
Digitalizazioaren alorrean, makinen errendimendua optimizatzeko diseinatutako industria-digitalizazioko FDS Fog On-Premises plataforma ere aurkeztu du kooperatibak. Oro har, cloud plataformaren tokiko alternatiba da, eta digitalizazioan sakondu gura duten enpresei dago zuzenduta. Besteren artean, datuen erabateko kontrola mantentzea ahalbidetzen du.
Lanean jarraitzeko ilusioa
Biurtekotik itzuli berritan, etorkizuneko beharrak asetzeko soluzio berritzaileak garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Fagor Automationek. “Ideia asko, proiektu berriak eta lanean jarraitzeko ilusioz bueltatu da Fagor Automation biurtekotik“, gaineratu dute. Eskertza mezua eta biurtekoko argazkiak argitaratu ditu haren webgunean.






