Lanerako joan-etorriak auto partekatuan egiteagatik 500 eurora arteko balioa duten pizgarri ekonomikoak lortzeko aukera dago, estatuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak irailean martxan jarri berri dituen ziurtagirien bidez (CAE, Certificado de Ahorro Energético). Auto partekatuan egindako kilometroak Ministerioak homologatutako aplikazio batean erregistratu behar dira, eta horietako bat da Fagor Taldeak 2020az geroztik erabiltzen duen Ciclogreen aplikazioa.
Auto partekatuan egindako kilometroak erregistratu ahal izateko, eta, horrekin, konpentsazio ekonomikoa eskuratzeko, Fagor Mugiren Ciclogreen aplikazioan erabiltzailea aktibatu beharko da: aplikazioa deskargatu eta erabiltzailea sortu (fagorwin kodea erabilita), auto partekatuaren atalean sartu, bertan agertzen den oharrean klikatu eta hainbat datu bete.
Erabiltzailea 2025eko abenduaren 31 baino lehen aktibatuz gero, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera egindako kilometroak ere kontuan hartuko dira. Beraz, animatu eta lehenbailehen aktibatu.
Autoa partekatzearen onurak
Fagor Taldeko planta gehienak Debagoienean (Gipuzkoa) daude, eta langile asko beste eskualde batzuetatik joaten dira horietara, kilometro asko eginda. Garraio publikoaren aukera ez dagoen kasuetan, autoa partekatzea izan daiteke irtenbidea. Honako hauek dira autoa partekatzearen onurak:
- Errepideetako trafikoa eta zarata murrizten laguntzea.
- Istripu arriskua murriztea.
- Gutxiago kutsatzea.
- Lankideekin harremanak sendotzea.
- Estres gutxiago izatea, gutxiagotan gidatu behar delako.
- Dirua aurreztea: erregaiaren kostua bidaiarien artean banatzeaz gain, ibilgailuaren mantentze-lanak murriztuko dira, eta Fagor Mugik eskaintzen dituen pizgarri ekonomiko eta sariak eskuratu ahal izango dira.
Autoa norekin partekatu ere bilatu daiteke
Ciclogreen aplikazioak badu autoa partekatzeko atal bat. Bertan, norberak bere ibilbidea argitaratu beharko du -etxetik lanerako ibilbidea-. Behin hori eginda, Fagorreko beste kooperatibetako eta Ciclogreen aplikazioa erabiltzen duten beste enpresetako jendea bilatu ahal izango da, ibilbidea osorik edo zati bat partekatzen duena.
Pizgarriak eta Fagor Mugiko sariak, biak eskuragai
Behin erabiltzailea aktibatuta, auto partekatuan egiten diren bidaiak erregistratzea izango da hurrengo pausua. Kilometro horien pizgarriak bidaiariak zein gidariak jasoko ditu, eta pilatutako zikloekin Fagor Mugiren sariak trukatzeko aukera ere izango dute: jangeletako txartelak, bizikleta elektrikoa erosteko deskontuak, tokiko dendetarako bonuak, Mugi txartelerako karga, auto elektrikorako karga…
Pizgarri ekonomikoak Ciclogreenek berak kudeatuko ditu, enpresa homologatuaren ardura baita hori. Ciclo Bono du izena konpentsazio hau eskuratzeko sistemak: erabiltzaileek aplikazioan erregistratutako auto partekatuko kilometroak Ministerioan egiaztatzeaz arduratuko da Ciclogreen. Zertifikatu horiek energia enpresek erosten dituzte eta konpentsazio ekonomikoa erabiltzaileari datorkio opari-txartel edo erosketa-txartel moduan. Katalogo bat jarriko du Ciclogreenek erabiltzaile guztien eskura.
Horrez gain, Fagorrek, erakunde gisa, konpentsazio ekonomikoa lortuko du auto partekatuan egindako kilometroengatik, kasu honetan, deskontua aplikazioaren lizentzian.
Hona hemen auto partekatuaren erabilera sustatzeko sortutako bideoa:






