Makina erremintatik harago, sektore berrietara zabaltzeko ekimenekin jarraitzen du Fagor Automationek. Ahalegin hori azpimarratu du Estrategia Empresarial hedabideak, azalduz, EAEko makina erremintaren sektoreko proiektu berritzaileena aurkeztu berri duela kooperatibak, Smart Encoder System izenekoa. Oro har, zehaztasuna eta teknologia aurreratuak funtsezko dituzten erdieroaleen, metrologiaren eta instalazio zientifikoen negozioei begirako egitasmoa da Smart Encoder System.
Hedabidearen esanetan, garapen teknologiko handiari esker, besteren artean, muturreko industria jardueretarako sendotasuna, sistema modernoekin integratzeko ezinbesteko duen konektibitate aurreratua, konplexutasun handiko aplikazioetarako lagungarri den maila handiko abiadura eta zehaztasuna… eskaintzen ditu Fagor Automationen proiektu berriak.
Euren aldetik, kooperatibatik azaldu dute Fagor Automationek landutako soluzioak zehaztasuna, abiadura eta fidagarritasuna exijitzen dituzten sektoreetara eroatea ahalbidetzen duela egitasmo berriak. “Modu horretan, esaterako, kalitate handiko produktuak eskaintzeaz gain, berrikuntza bultzatzen da etorkizunarentzat kritikoak diren industrietan”, gaineratu dute.