Errumaniako Karpat Solar enpresak kontratua sinatu du Mondragon Assemblyrekin, urtean 100 MW-ko gaitasuna izango lukeen modulu fotovoltaiko linearen hornidurarako. Zehatz esanda, Errumaniako enpresak, Transilvania du jardun leku; eta herrialdeko modulu ekoizle nagusi bilakatzeko ahaleginean dabil. Bada, 100 MW horiek lehen fasearen parte lirateke. Horretan geratu barik, proiektua zabaltzeko aurreikuspenez dihardute, mira batez ere tokiko merkatuan jarrita, Europar Batasunera zabaltzeko ahaleginean.
Besteren artean, energia berriztagarriari ekarpena egiteko helburua aipatu du Csomor Karoly Karpat Solar enpresako zuzendari nagusiak: “Uda aurretik bete-beteko jardunean izan gura ditugu geure instalakuntzak, eta, horri esker, 2021eko udazkenerako prest geundeke Errumaniako merkatuari heltzeko. Gaur-gaurkoz, geure herrialdean, goraka doa energia berriztagarrien erabilera, eta, geuk, geure ekarpena egin gura diogu sektoreari. Kalitateari loturiko parametro zorrotzekin ekoitziko ditugu efikazia handikoak izango diren moduluak”.
Ostera, Igor Herrarte Mondragon Assemblyko Nazioarteko Salmenten Kudeatzaileak Europar Batasuneko estrategian sartu du kontratu sinatze berria: “Azken egitasmoaren bidez, berretsi egin da Europar Batasunak energia alternatiborantz hartua duen bidea. Bada, modulu ekoizpenerako egitasmo berriak agertuko dira urtean zehar -desberdinak izango dira, batez ere, tamainari eta ekoitzitako produktuari dagokienez-. Gauzak horrela, askotariko eskaintzak aurreikus daitezke teknologian: modulu estandarrez gain, HJT teknologiarendako moduluak, BIPV erakoak eta bestelakoak lantzen hasiko dira enpresak. Eta, zela ez, teknologia horiendako guztiendako irtenbidea du Mondragon Assemblyk”.