Zabalik da First Lego League Euskadi-Mondragonen finaletan boluntario izateko izen-ematea. Otsailaren 28an egingo dira, EAEko hainbat unibertsitatetako bost egoitzatan. Oro har, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatu gura dituen erreferentziazko hezkuntza-programa da FLL, eta, Mondragon Unibertsitateak, lehenengoz, bi egoitzatan antolatuko ditu finalak: Arrasaten (Gipuzkoa) eta Bilbon (Bizkaia). Aurten ere, zenbait kooperatibaren laguntza izango du FLL ekimenak, Fagorrena, kasurako.
FLLko aurtengo erronkak Unearthed du izena -iragana aztertzea etorkizuna eraikitzeko-, eta arkeologia du oinarri. Xedea da gazteak zientzia eta berrikuntza erabiltzera animatzea, eta, horren bidez, historia ulertzea. “Orain artean, testuinguru horretan, ikasleek Munduko Ondare izendatutako haitzuloak esploratu, indusketarako eta kontserbaziorako teknikak ikasi, jatorrizko aztarnak aztertu eta hizketaldiak izan dituzte egunerokoan ikerkuntzan jarduten duten profesionalekin”, diote antolakuntzatik. Ohi moduan, bi maila eskaintzen ditu ekinbideak: Explore, 6 eta 9 urte artekoendako; eta, Challenge, 10 eta 16 urte bitartekoendako. FLL Euskadi-Mondragon lehiaketako lehen sailkatuek, estatu mailako txapelketan jarduteko txartela lortuko dute.
Hainbat rol
Boluntarioendako rol desberdinak eskaini ohi ditu FLL Euskadi-Mondragonek: arbitroa (roboten jolasa kontrolatzea), epailea (taldeen lana baloratzea eta sariak erabakitzea), floaterra (taldeei laguntza eskaintzea hitzorduetara garaiz heltzeko eta ondo pasatzen dutela bermatzea), zientzialaria (taldeen lana baloratzea eta lorpenak zoriontzea), timekeeper & scorekeeper (mahai-jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatzea) eta espazioen arduraduna (lehiaketak hartzen duen espazioa kontrolatzea taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko).






