Skip to main content

Jabetza Industrial eta Intelektualaren Nazioarteko Eguna (World IP Day) dela eta, aurrez aurreko hitzaldia antolatu du Galbaian kooperatibak Garaia Parke Teknologikoko auditorioan. Oro har, IPaz eztabaidatzea eta asmatzaile onenaren GALBAHE Saria banatzea izan dira xede nagusi. Hain zuzen ere, aurtengo edizioan gazteak izan dira protagonista, bide horretakoa baitzen Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak aukeratua zuen IP eta gazteria: etorkizun hobe baterako berritzen gaia. Bada, Startupetako, enpresetako, zentro teknologikoetako eta unibertsitateetako ordezkarien bidez mahaigaineratu da jorragaia. Aurtengoan, gainera, ohiko helburuetatik harago, izan du bestelakorik hitzorduak: Galbaian kooperatibaren hamargarren urteurrena ospatzea.

Hala, gazteak eta alorrean haiek baino urte gehiago daroatzatenak izan dira hizlari, gaiaren inguruko ikuspegi osoago bat helaraziz. Batetik, IParen garrantziaren inguruan kontzientzia hartzeaz egin dute berba hizlari gazteenek. Tartean, aitortu dute eszeptizismotik eta ezjakintasunetik, IPak proiektuetan duen garrantziaz oso kontziente izatera pasa direla. Bide beretik, alorrean urte gehiago daroatzatenek azaldu dute  azken urteotan asko aurreratu dela, baina oraindik asko dagoela egiteke. Finean, hizlarien hitzetan, oraindik ere, behar baino gutxiago babesten da, hein handi batean, IP kultura faltagatik. Zentzu horretan, unibertsitateetan IP prestakuntza txertatzeko beharra nabarmendu da, profesional berriak lan-merkatuan sartu edo ekintzailetzari ekitean, aktibo ukiezinen babesari eta kudeaketari dagokionez zentzuz joka dezaten beharrezko ezagutzak izateko.

Zehatz esanda, Manex Darceles ekintzaile eta Miru Studio startupeko zuzendari nagusiak, Joseba Sagastigordia Mondragon Sustapen Zentroko zuzendariak, Egoitz Goikuria eta Aitor Bustillo Batz Groupeko kideak, David Cubillas eta Juan Manuel Pagalday Ikerlaneko ordezkariak, Egoitz Goikoetxea ekintzaile eta Gura startupeko zuzendari nagusiak eta Laida San Sebastian Mondragon Unibertsitateko Ekintzailetza Koordinatzaileak esku hartu dute hitzorduan.

Asmatzaile onenari GALBAHE Saria

Bitor Mendiguren izan da 2022ko asmatzaile onenaren GALBAHE Saria jaso duena, Galbaianeko ordezkarien esanetan, “gazteentzat eredu eta inspirazio iturri izan daitekeelakoan”. Bada, Bilboko Ingeniari Eskolan ikasi zuen Mendigurenek, eta, ikasketak bukatu bezain laster, Munichera joan zen beka bati esker. Ondoren, erregulazio elektronikoko sistematan mundu mailako lider zen enpresa batean egin zuen lan hiru urtez. 70eko hamarkadaren hasieran, ostera, Euskal Herrira itzuli eta Ingeteam enpresaren ernamuina izan zen enpresa sortu zuen beste hiru bazkiderekin batera. Ingeteam enpresaren bazkide sortzailea da, beraz. Zehatz esanda, 50 urte bete berri dituen energia elektrikoaren konbertsioan espezializatutako nazioarteko enpresa teknologikoa da Ingeteam.

Erretiroa hartzean, bestetik, egitasmo berri bat jarri zuen martxan Mendigurenek: hark asmatutako tamaina handiko itsasontzi disruptibo baten merkaturatzea. Gaur-gaurkoz, patente europar baten bitartez dago babestua. Eta Japonian, Txinan, Hego Korean eta Errusian ere lortua du patentea. Haren ibilbidea ikusita, halaxe azaldu dute euren erabakia Galbaianeko ordezkariek: “Nor hobe, Bitor baino, etorkizun hobeago baterako berrikuntzek planteatzen dituzten erronkei energiaz, zorroztasunez, kuriositatez eta sormenez aurre egiten dien asmatzailea sinbolizatzeko?”.