Climate-KIC erakundearen babesarekin, trantsizio justuarekin, klima aldaketarekin eta berrikuntzarekin lotutako laborategi bihurtuko da Debagoiena. Jardun horren norabidea eta moduak diseinatzeko, prozesu irekia abiatu dute eskualdeko hainbat eragilek.

Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak antolatuta, trantsizio justuaren bidean Debagoienak erantzun beharko dituen erronkak identifikatzeko eta erronka horiei erantzuteko jarraitu beharreko ereduaren oinarriak zehazteko, jardunaldiak egin dituzte egunotan Garaia Berrikuntza Gunean. Debagoieneko eta nazioarteko ordezkariak batu dira bertan; guztira, 60tik gora.

Climate-KIC erakundearekin elkarlana

Bailarak dituen erronkei elkarrekin erantzuteko helburuarekin Debagoienean sortu berri den Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareko kideekin elkartu dira klima aldaketan eta berrikuntzan erreferente diren Europako EIT Climate-KIC erakundeko kideak.

Izaera askotariko erakundeak

Askotariko eragileek hartu dute parte: besteak beste, Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako udalek; Gipuzkoako Foru Aldundiak; enpresa pribatuek zein kooperatibek eta bestelako eragileek –Goiener, Tecnalia, Garapen Agentzia, Mondragon, Huhezi, Naturtzaindia, Plastikoaren Aurkako Taldea, Goiena…–. Gainera, nazioartean erreferenteak diren London College Unibertsitateko ekonomialari Mariana Mazzucato, berrikuntza eta sormen arloan mundu mailako aditurik entzutetsuena den Charles Leadbeater eta klima aldaketara eta berrikuntzara bideratutako Climate KIC erakundeko ordezkari Michelle Zucker ere izan dira Arrasaten.