Aurten, lehenengoz, sistema hidrogenoa eta elektrikoa uztartzen dituen kamioi hibrido bat dago Dakar Rallyan. Horrekin, mugarri teknologiko bat eskaini dio Kh-7 Ecovergy taldeak mundu mailan erreferente den kirol probari, eta Fagorrek ekarpena egin du bide horretan. Izan ere, Fagor Ederlan kooperatibaren Fagor Ederbatt negozioak garaturiko tentsio handiko bateriez hornitutako propultsio-sistema berritzaile bat darabil Jordi Juvanteny, Jose Luis Criado eta Xavier Ribasek osaturiko taldearen Man 6×6 kamioiak.
Aurretik ere eskainiak ditu zenbait mugarri Kh-7 Ecovergyk: hasia zen hidrogenoa erabiltzen. Aurten, baina, urrats berri bat egin nahian, hibridazio elektriko sistema bat gehitu dio Man 6×6 kamioiari, eta Fagor Ederbattek hornitu ditu horretarako ezinbesteko diren bateriak. Horri esker, energia berreskuratu -balaztatzean eta dunetako jaitsieretan sortzen den energia aprobetxatzen da-, indarra gorde -jasotako energia Fagor Ederbatten bateria packetan metatzen da, potentzia handia behar den uneetan motor nagusia laguntzeko- eta isuriak saihestu -tarte laburretan %100 elektrikoan gidatuta- ahal izango ditu ibilgailuak.
Erreferentzialtasuna eta konpromisoa
Dakar Rallyaren testuinguruan sortutako elkarlanak sendotu egiten du Fagor Ederbattek ibilgailu industrial eta astunen elektrifikazio prozesuan duen erreferentzialtasuna. Era berean, Fagor Ederlan kooperatibak, eta, oro har, Fagorrek mugikortasun iraunkorraren bidean ekarpena egiten jarraitzeko duen konpromisoa berresten du.






