Alexander Boto Ihobe Fagor

Alexander Boto Bastegieta

Ingurumen-ekonomialaria. Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

Blogera itzuli
Ekonomia zirkularra

Nazio Batuen Erakundearen Ingurumenerako Programaren Baliabideen Nazioarteko Panelak aldaketa erradikalak eskatzen ditu, gizateria bere ahalbideen neurrian bizi dadin eta heren batez murriztu dezan baliabideen kontsumorako aurreikusitako igoera. Munduko Baliabideen Ikuspegia 2024  izenburupean, erakunde horrek adierazten du beharrezkoa dela bermatzea, aldi berean, hazkunde ekonomikoa, ongizatearen hobekuntza eta ingurumen-inpaktuen minimizazioa. Guztiok dakigu, ondo jakin ere, epe laburrera lortzeko oso konplexuak diren aldaketen aurrean gaudela.

Komenigarria da gogoratzea, nonbait, gure ekonomiak baliabideen etengabeko erauzketa, erabilera eta isurketaren gainean eraiki direla denbora luzeegian. Material eta baliabideen erabilera hirukoiztu egin da azken 50 urteetan, eta hazten jarraitzen du urtero: %2,3, batez beste. Aipatutako txostenak dioenez, material horien erabilera neurrigabeak klima berotzen du, ekosistemak kutsatzen ditu, desberdintasunak areagotzen ditu eta dirua “komun-ontzitik” botatzen du zuzenean. Eta hori gutxi balitz, espero da materialen erauzketa %60 igotzea 2060rako. Bada, egoera horrek indarrik gabe utzi ditzake bai klima eta biodibertsitatearen helburu globalak lortzeko ahaleginak, eta, bai, oparotasun ekonomikoa eta giza ongizatea lortzeko ahaleginak.

Gaur egun, baliabideen erauzketa eta prozesaketek planeta berotzen duten isurketen %60 baino gehiago sortzen dute, eta kutsadura atmosferikoak osasunean dituen efektuen %40 ere bai. PNUMAko zuzendari Inger Andersenen hitzetan, “mugikortasun, etxebizitza, elikadura eta energiaren sistemen baliabideen intentsitatea murriztea da Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko modu bakarra”.

Oso kontsumo maila handia duten herrialdeen kasuan -Europako herrialdeetan, adibidez-, kalkulatzen da mundu-baliabideen erabilera %30 murriztu daitekeela, baliabide eta materialen kontsumo mailaren murrizketari arreta handiagoa zuzenduz. Aukera horrek munduko ekonomiaren hazkundea ekarriko luke, bizi-baldintzak hobetuz eta planetaren mugak errespetatuz.

Europak, ingurumen-politikaren arloan beti erreferentea izanik, %11,50eko zirkulartasun tasa du gaur egun, eta, hortaz, urrun dago tasa hori 2030ean bikoizteko duen asmotik. Accelerating the circular economy in Europe–State and outlook 2004 txostenak zehazten duenez, Europa da munduan material birziklatuen proportziorik handiena duena, baina oraingo aurrerapenen erritmoan txikia da zirkulartasunaren helburuak lortzeko probabilitatea.

Baina, nola erabili gure planetak ematen dizkigun baliabideak modu jasangarri eta arduratsuan?

Zalantzarik gabe, horixe da gakoa, eztabaidaren muinean dagoen kontua. Gomendio espezifikoen artean, honako hauek daude:

Lehenik: baliabideen erabilera jasangarria definitu behar da gobernu-planetan, eta helburuak ezarri behar dira produktibitate eta kontsumorako. Euskadik hori egin du bere Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategian. 30-30-30 helburuak. Handinahiak, baina lortzeko modukoak.

Bigarrenik: finantzak orientatu behar dira, horiek baliabideen benetako kostuak ekonomiaren egituran islatu ditzaten (hau da, erregulazioa, zergak, azpiegiturak, etab.). Euskadi bide horretan ibiltzen hasi da, finantza-mundua jasangarritasunaren ebaluazioan txertatuz, hondakinen plan handinahi batekin eta tresna aurrendarien bidez, hala nola, zerga-kenkariak, Teknologia Garbien Zerrenda, isurketaren gaineko zerga, etab. Baina asko geratzen zaigu egiteko. Ekonomia zirkularrera zuzendutako trantsizio horretan azkarrago ibili behar dugulako. Denbora behar dugu, eta hondakinak kudeatzeko azpiegitura berriak ere bai, hondakinak berriz ere baliabide bihurtzeko eta zero isurketarantz irmotasunez aurrera egiteko.

Hirugarrenik: segurtatzea kontsumitzaileek badutela informazio egokia, badutela ondasun eta zerbitzu jasangarriak eskuratzeko bidea, eta ondasunen ingurumen- eta gizarte-kostu errealak prezioetan islatzen direla. Neurri horiekin batera, baliabide asko kontsumitzen dituzten aukerak bultzatzen ez dituen edo debekatzen dituen erregulazio bat  behar da, adibidez, erabilera bakarreko plastikozko produktuen kasuan. Azkenik, proposatzen da ekodiseinua, berrerabilpena, konponketa eta birziklapena kontuan hartzen dituzten irtenbide zirkularrak eta negozio-ereduak sortzea.

Planetak aurrera egiten badu norabide horretan, aurreikusten da baliabideen erauzketa 2040an helduko dela bere puntu gorenera. Berotegi-efektuko gasen isurketak %80 baino gehiago jaitsiko lirateke, munduko ekonomia %3 haziko litzateke, eta giza garapenaren indizea %7 hobetuko litzateke, sarrerak eta ongizatea bultzatuz. Aberastasunaren banaketa bidezkoagoa duen mundu bat izan genezake.

Posible da, baita –are garrantzitsuagoa- errentagarria ere, hazkunde ekonomikoa bereiztea baliabideen erabileratik eta horiek sortzen dituzten ingurumen-inpaktuetatik. Ez dugu birziklapenaz soilik hitz egiten. Esaten duguna da oraingo hazkunde linealeko ereduaren ordez eredu zirkularrak jar daitezkeela: materialak ahalik eta denbora luzeenean erabiltzeko moduan mantentzen duten sistemak, ondasunak eta zerbitzuak nola diseinatu eta entregatzen ditugun birpensatuz.

Nolanahi ere, ekonomia zirkularraren arrakasta eskala handian lortu ahal izateko, beharrezkoa da kalitate handiko lehengai sekundarioen kantitate mardulak berriz ere erabilgarri izatea ekoizpenerako. Eta gure egin behar dugu hori: Europak, berak bakarrik, ezin gelditu dezake planeta mailan baliabideen erabilera ez-jasangarria. Horrenbestez, funtsezkoa izango da baliabideen erabilerari eta ekonomia zirkularrari buruzko gobernantza-esparru sendo bat izatea.

Testuinguru horretan, euskal enpresek inoiz izan ez duten erronka bat dute aurrean, eta baita aukera bat ere. Ekonomia zirkularrak ingurumen-kezkei heltzen dien ikuspegi bat eskaintzen du, enpresa-lehiakortasuna bultzatuz. Karbono-aztarna murriztetik harago doa; enpresen jarduteko modua birpentsatzen eta berrasmatzen saiatzen da, balioa sortzeko bai planetarentzat, baita bere akziodunentzat ere.

Kontuan hartu behar dugu lehengaiak enpresa industrialen kostu-egituraren %40-60 bitartekoak direla Euskadin. Ekonomia zirkularraren alorreko jarduerek lehengaien kostuak murrizten dituzte, eta horrek eragin positiboa du enpresen lehiakortasun eta jasangarritasunean. Gainera, ekonomia zirkularra klima-aldaketa arintzeko ekimenaren zutabeetako bat da. Izan ere, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketaren %40 baino gehiago lortzen da berrikuntza eta ekodiseinuaren bidez, ekoizpen-xahuketak murriztuz, edo zenbait material hobeto birziklatuz, hala nola, altzairua, aluminioa, plastikoa edo zementua.

Euskal enpresa ugari dira europar erreferenteak alor horretan. Ekonomia zirkularra ez da enpresa-aukera estrategiko bat soilik. Behar bat ere bada XXI. mendean lider izan nahi dutenentzat. Erronka erraldoia da, baina pozten nau jakiteak ez gaudela bakarrik ahalegin horretan. Baliabideen Nazioarteko Panelaren presidentekide Janez Potočnikek aldarrikatzen duen bezala, “ez da onartu behar giza beharrak asetzeko modua intentsiboa izatea baliabide aldetik; ezin jarrai daiteke erauzketan oinarritutako arrakasta ekonomikoa bultzatzen”.

Idatzi iruzkina