Jean-Philippe Aguerre
Mondragon Assemblyko I+G arduraduna 2008tik. 14 patente baino gehiagotan jardun du asmatzaile gisa. Asmatzaile onenaren GALBAHE saria irabazi du 2025ean.
Mondragon Assemblyko I+G arduraduna 2008tik. 14 patente baino gehiagotan jardun du asmatzaile gisa. Asmatzaile onenaren GALBAHE saria irabazi du 2025ean.
Azken urteetan bide ausart eta estrategikoa hartu du Mondragon Assemblyko Berrikuntza departamentuak: dibertsifikazioarena. Finean, berrikuntza ez da produktu berriak sortzera mugatzen. Harago doa. Gure kasuan, esaterako, oinarri eta bitarteko da gure konpetentzia teknikoak sektore berrietara zabaltzeko, eta, horrela, gure ezagutza eta esperientziaren bidez, erronka berriei aurre egiteko.
Dibertsifikazioa da, adibidez, diseinutik hasita, muntaketa prozesuak, produkzio-lineak eta makinak beste sektore batzuetan aplikatzeko soluzioak eskaintzea. Horretan ari gara Mondragon Assemblyn. Horrek, produktu familia berriak fabrikatzea dakar, eta, orokorrean, automatizazioa teknologia berriekin uztartzea. Gure gaitasun teknikoak berrerabiltzea da gakoa, jakinik horrek gure posizionamendua indartzen duela merkatu globalean. Beraz, ezin uka berrikuntza eta dibertsifikazioa garrantzitsuak direla kooperatibon, eta, oro har, enpresa ororen, ibilbidean.
Era berean, jakin behar dugu dibertsifikazio estrategiak berak, aukerak ez ezik, erronka berriak ere badakartzala. Esaterako, soluzio berriak garatzeko beharra dakar, batez ere, produktu familia berriak agertzen direnean. Produktu horiek, oro har, fabrikazio metodoak hobetzen eta merkatzen dituzte, nahiz eta zenbait kasutan “erabili eta botatzeko” joerak agertu. Eta, esan moduan, badaude aukera berriak ere. Adibidez, makina konplexuagoak garatzeko aukera dago, masa produkzioan parte hartzeko eta gure ekarpen teknologikoa indartzeko, adibidez.
Gaurkotik harago, etorkizuna aintzat hartu beharra dakar berrikuntzak. Horretan ere ari gara, eta baditugu zenbat erronka identifikatuta. Horien artean dira gure prozesuetan teknologia berriak integratzea, jasangarritasunaren aldeko apustuan sakontzea – kontsumo arduratsuagoa bultzatuta eta material efizienteagoak erabilita, adibidez- eta globalizazioaren erritmoari heltzea -besteren artean, gure bezeroen behar aldakorrei erantzuten jarraitzeko-. Finean, bilakaera konstantean da merkatua, eta, horrek, aldaketak dakarzkio sektoreari. Hau da, gure bezeroak globalizazio prozesu jarraitu batean daude murgilduta. Horrek, malgutasuna, azkartasuna eta soluzio pertsonalizatuak eskatzen ditu, merkatuaren dinamika aldakorretara egokitu ahal izateko.
Beraz, argiak dira noranzkoa eta konpromisoa. Gure makinen bidez, azken teknologiekin, kalitatea eta produktibitatea hobetzen jarraitu beharra dugu. Bide horretan, esaterako, kontsumo energetikoa eta material erabilera zaintzen ere hasi gara, haize kontsumoa murriztuz eta ardatz elektriko efizienteagoak erabiliz. Finean, berrikuntza ez da helburu bat bakarrik. Berrikuntza, gure eguneroko lanaren parte da.