Skip to main content

Zientzia, teknologia eta jai-giroa oinarri, FLL Euskadiren zazpigarren edizioa egin da asteburuan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate desberdinen egoitzetan. Orotara, 68 ikastetxetako 3.400 ikasle baino gehiago bildu ditu ekinbideak, eta, Unearthed erronkaren bidez, lurpeko sekretuak arakatzen jardun dute, arkeologian murgilduz, iragana ulertzeko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko proiektu berritzaileak proposatzen. Aurten, lehenengoz, Mondragon Unibertsitateak haren bi egoitzetan antolatu du FLL Euskadi-Mondragon: Arrasateko Iturripen (Gipuzkoa) eta Bilboko As Fabrik campusean (Bizkaia). 500 gazte (67 talde) eta ehunka boluntario bildu ditu horietan. Beste urte batez, hitzorduaren babesleen artean izan da Fagor.

Gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak (ZTIM) piztea da FLL Euskadi-Mondragonen helburu nagusia, eta, bide horretan, adinaren araberako bi maila ditu: Explore (6-9 urte) eta Challenge (10-16 urte). Oro har, lehia osasuntsuaren bidez, ikasteko, sortzeko eta prozesuaz gozatzeko aukera eskaintzen du, eta, irizpide horrekin, estatu mailan lehiatzeko txartel bana banatzen du EAEko hiriburu bakoitzean. Aurten, BKI BOX (Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastola), NCLIC Shakespeare (Gasteizko NC learning investigation center) eta C’Mon Guys (Bilboko Madre de Dios ikastetxea) taldeek lortu dituzte lehen postuak, eta, beraz, apirilaren 11n Burgosen lehiatzeko txartelak.

Fagorren laguntza

ZTIM bokazioa sustatzeko zereginean, FLL Euskadi-Mondragon ekimena ez ezik, Mondragon Unibertsitateak Arrasaten zein Bilbon antolaturiko hitzorduetan parte hartu duten zenbait hezkuntza zentro lagundu ditu Fagorrek aurtengo edizioan: Gaurkotek eskolaz kanpoko jarduera teknologikoen zentroa eta Asti Leku ikastola. Robotaren portaera onenaren saria jaso du Asti Lekuko talde batek.