Ohiko Batzar Nagusia egin du Fagor Taldeak gaur, ostirala, Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan. 2024. urteko emaitzak eta ekimenak azaltzera mugatu barik, aurrera begirako erronketan jarri du mira kooperatiba taldeak; eta, besteren artean, bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Azken urteetako gorabeheretara egokitzen jakin izan du Fagorrek. Testuinguru geopolitikoak hankaz gora jarri ditu merkatuak, eta teknologiaren berritze abiadurak exijentzia handiko erronkak dakartza. Kooperatibek, oro har, testuinguru berrietara egokitzen jakin izan dute. Horri esker, 2024an ere, salmentei eta emaitzei eutsi zien Fagorrek”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak. Zehatz esanda, 76 milioi euroko irabazi kontsolidatuak izan zituen, eta ia 3 milioi euro banatu zituen gizarte ekinbideen artean.
Ostera, Fagorrek marka enplegatzaile bezala duen posizioa azpimarratu dute Batzar Nagusian. Izan ere, Euskal Herriko kooperatiba talde industrial handiena da, eta hazten jarraitzen du. Esaterako, 414 bazkide berri egin zituen 2024an -gaur-gaurkoz, 4.350 bazkide baino gehiago ditu-. Horri lotuta, lehendakariak balioan jarri du Fagorrek Debagoienean, eta, oro har, Euskal Herrian, lana sortzeko duen konpromisoa: “9.700 langile baino gehiago gara mundu osoan, eta, gehienak, 5.245 langile, Euskal Herrian gaude. Horien %83 bazkide gara, gainera. Bestelako enpresa eredu baten bidez, langileak jabe izanda, bidezko eredu batetik, kooperatibagintzatik, konpromiso sozialetik, Debagoienean, eta, oro har, Euskal Herrian, lana sortzen eta ongizatea bermatzen jarraitzea dugu lehentasun”.
Konpromiso hori berretsiz, inbertsio garrantzitsuak eginda, euren lantegi nagusiak handitzen dihardute Taldeko Fagor Arrasate eta Onnera Group kooperatibek, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Oñatin (Gipuzkoa), hurrenez hurren. “Gaurko eta etorkizuneko erronkek exijentzia handiko ekoizpen prozesuak eskatzen dituzte, eta Fagorrek erakutsi du gai dela exijentzia horiei aurre egiteko. Gainera, martxan diren lanek eragin positiboa izango dute Debagoieneko herrietan”, gaineratu du.
Birkokapenerako konpromisoa
Fagor Etxetresnen bazkide ohien kontsolidazio prozesuaz jardun du Alustizak. Izan ere, 2013. urtetik, 454 bazkide ohi daude birkokatuta behin betiko -2024an, 41 izan ziren-. “Horrek erakusten du, zailtasunak zailtasun, Fagor Etxetresnen bazkide ohiei behin betiko irtenbidea emateko konpromisoa dagoela. Finean, kooperatiben konpromisoa ezinbestekoa da birkokatuek egonkortasuna eta segurtasuna berreskura dezaten. Kontsolidazio gehiago izango dira datozen urteetan”, azpimarratu du Alustizak.
Markaren indartzea
Bestetik, azken urteetako joerari jarraiki, zabaltzen jarraitzen du FAGOR markak, eta, 2024an, Sareteknikarekin sinaturiko marka erabilerarako akordioari esker, etxeetako galdara, aerotermia eta airea giroztatzeko gailuetara heldu zen, FAGOR Comfort Solutions izenarekin. Hori horrela, gaur-gaurkoz, Taldeko zortzi kooperatiben ohiko sektore eta merkatuetatik harago, etxetresnen, etxetresna txikien, sukaldeko tresnen eta konfortaren merkatuetan da FAGOR marka.
Gizarte konpromisoa
Ohi moduan, gizarte erronkekin eta komunitatearekin konprometituta jarraitzen du Fagorrek. Hori berretsiz, 2024an, ia 3 milioi euroko ekarpena egin zien hainbat gizarte proiekturi -Debagoiena bailaran gelditu zen ekarpenaren zati handiena, 1,7 milioi euro, alegia-. Horrekin, besteak beste, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea eta hartatik sorturiko proiektuak sostengatzen jarraitu zuen, 745.000 euroko ekarpena eginda -lagunduriko proiektuen artean izan ziren Debagoieneko energia komunitate desberdinak, eskualde mailako tokiko elikadura proiektua eta Arrasateko Plaza Bizi mugikortasun egitasmoa-.
Ostera, 2024an ere, energia berriztagarrien eta energia efizientziaren aldeko neurriekin jarraitu zuen Fagorrek. Tartean, 175 kilowatteko autokontsumo fotovoltaikoko instalazio berri bat egin zuen Fagor Arrasatek Markinan (Bizkaia) duen lantegian. Halako neurriei esker, iaz, Taldeko kooperatibetako Euskal Herriko lantegietan erabilitako energiaren %74 jatorri berriztagarrikoa izan zen. Eta horretan geratu barik, jatorri birziklatuko lehengaietan ere badu jarria mira -erabilitako lehengaien %76 izan zen jatorri birziklatukoa-. Gisako neurriei esker, karbono aztarna murrizten jarraitu du Fagorrek -hiru urtetan, erdira jaitsi du CO2 isuria-.
‘Bikain’ ziurtagiria
Aurten ere, euskarak leku berezia izan du Fagorreko Batzar Nagusian. 2024an, alor sozioekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzen jarraitu zuen Fagorrek, esaterako, 715.000 euro bideratuz kooperatibetako euskara planetara. Konpromiso eta lan horrek izan zituen bere fruituak: euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio-maila aitortzen duen goi-mailako Bikain ziurtagiria lortu zuten Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electronica, Copreci eta Mondragon Assembly kooperatibek, eta Koniker ikerketa zentroak. Horri esker, Taldeko kooperatiba guztiek dute goi-mailako Bikain ziurtagiria –Fagor Ederlanek eta Onnera Groupek 2023an lortu zuten-.