Skip to main content

Automobilgintzarako osagaietan erreferente den Fagor Ederlanek eta sektorean bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen Txinako Duoli Technology industria taldeak aliantza estrategikoa indartu dute Lieder Automotive SL sortuta. Jiang Jianqiang Duoli Technologyren CEOak eta Jon Zuazo Fagor Ederlanen CEOak astearte honetan (abenduak 16) sinatu dute horretarako akordioa. Horri esker, besteak beste, etapa berri bati ekin diote urrats berriak egiteko garapenean eta haien presentzia globala indartzeko.

Ekitaldian izan dira Mikel Uribeetxebarria, Fagor Ederlaneko lehendakaria; Jon Arano, Aluminio Negozioko zuzendaria; Ernesto Garcia, Merkatu zuzendaria; Ding Yongfei, Leapmotorreko Kalitate zuzendari globala; Yang Yi, Txinan egin den Duoli Ederlan Kunshan aliantzako zuzendaria; eta Eduardo Arilla, Borjako (Zaragoza) alkatea. Horiek guztiek babesa adierazi nahi izan diote akordio berriari.

Lieder Automotive SL enpresak ibilgailuen egiturazko osagaiak (body in white) hornituko ditu Leapmotorren B10 SUV elektriko berriarentzat. Figueruelaseko (Zaragoza) lantegian fabrikatuko da, eta 2026ko abuztuan hasiko da hornitzen.

Ding Yongfeik azaldu du Lieder Automotive enpresa estrategikoa dela Leapmotorren hedapen globalean, eta Duoli Technologyren eta Fagor Ederlanen arteko lankidetza garrantzitsua dela Europan hornidura kate egonkor eta eraginkor bat eraikitzeko.

Proiektu horri esker, Fagor Ederlanek berriro ireki ahal izango du Borjan duen ekoizpen lantegia, industria jarduera berri bat zabalduz eta eskualdean 170 lanpostu baino gehiago sortuz. Finean, Stellantis eta Leapmotorren artean sortutako Leapmotor Internacional joint venturearen beharrei erantzutea izango da haren zeregin nagusia.

Bi enpresek batera egiten duten bigarren proiektua da, dagoeneko joint venture bat partekatzen baitute Kunshanen (Txina), aluminiozko esekidura-osagaiak fabrikatzeko.

Nazioarteko lankidetza

Aliantzak, hainbaten artean, Europako bezero txinatar berriengana gerturatzea eta automobilgintzarako osagaiak muntatzeko negozioa berrabiaraztea ahalbidetzen dio Fagor Ederlani. Kooperatibak 1998 eta 2019 artean izan zuen jarduera hori, Borjan bertan.

Jon Zuazok nabarmendu du proiektu berria bat datorrela Fagor Ederlanek berrikuntzan, balioa sortzean eta lankidetzan oinarrituta duen estrategiarekin. Gainera, azaldu du aukera ematen diela bezero txinatarrengana gerturatzeko, eta lagungarri dutela elektrifikazioak eta iraunkortasunak ezaugarrituriko sektorearen eraldaketara egokitzeko.

Bestalde, Duoli Technologyk lehen aldiz ekoitziko du Europan, merkatu globalean duen presentzia handituz. Jiang Jianqiangek adierazi duenez, “globalizazio-estrategia komunari erantzuteko eta nazioarteko merkatuan zerbitzu pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta fidagarriagoak eskaintzeko konpromiso gisa sortu da Lieder Automotive”. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela “teknologia txinatarra tokiko ezagutzarekin konbinatzea, enpresa lehiakor bat eraikitzeko eta eskualdeko garapen ekonomikoan laguntzeko”.