Skip to main content

Lankidetza-hitzarmen teknologikoa sinatu dute Copreci kooperatibak eta Ikerlan teknologia-zentroak datozen lau urteetarako elektronikaren alorreko berrikuntza disruptiboetan sakontzeko, oinarrizko funtzioetatik harago, produktu sendoagoak, efizienteagoak eta iraunkorragoak lortzeko. Horrez gainera, zibersegurtasuneko eta adimen artifizialeko teknologiekin hobetuko lituzkete produktuak, haien balio erantsian, erresilientzian eta lagunkoi izaeran sakonduz. Imanol Oleaga Mendiaratz Copreciko zuzendari nagusia eta Ion Etxeberria Otadui Ikerlaneko zuzendari nagusia izan dira, bi erakundeetako ikertzaileekin batera, martxoaren 27an kooperatibak Aretxabaletan (Gipuzkoa) duen plantan eginiko hitzarmen sinatzean.

Oro har, akordio berria baliagarri izango litzateke etxetresna elektrikoen sektorean teknologia garapenean sakontzeko, batez ere, elektromagnetismoaren, makina elektrikoen eta potentzia-elektronikaren arloetan, tartean, eragingailu elektriko txikien diseinu eta garapen integralerako, motorrak kontrolatzeko estrategietarako, etxetresna elektrikoetarako ukipenik gabeko karga-sistemetarako (Inductive Coupling Power Transfer) edo etxetresna elektrikoetarako indukzio bidezko berokuntza-sistemetarako.

Imanol Oleaga Mendiaratz Copreciko zuzendari nagusiak adierazi duenez, kooperatibak plan estrategikoan ezarria duen “aliantza-estrategia” berresten dakar lankidetza hitzarmen berriak, eta bat dator merkatuko beharrei aurrea hartzeko inguruan pertsona “onenak” izateko helburuarekin, beti ere, “irtenbide jasangarriak eta balio erantsikoak eskaini beharra erdigunean”. Ostera, akordioaren haragoko eraginez ere mintzo da Copreciko zuzendari nagusia: “Potentzia- eta digitalizazio-elektronikaren esparruan sare lokal bat sortzeko aukera ematen digu, teknologian aitzindari izateko eta nazioartean lehiatzeko. Ingurumena errespetatzen duten eta kontsumo etiko zein osasungarria bultzatzen duten soluzioak eskaintzeko konpromisoa indartzen du, gainera”.

Bere aldetik, Ion Etxeberria Otadui Ikerlaneko zuzendari nagusia “pozik” azaldu da  “inguruan erreferente den eta nazioartean ospe handia duen enpresarekin” harremana sendotzeko urrats berri bat egitearekin. Eta balioan jarri gura izan du bi erakundeen arteko lankidetza teknologiaz harago zabaltzeko egina duten hautua, “bi erakundeen erronka berriak elkarrekin heltzeko, batez ere, espezializazioan eta talentuan”.

Bide luzeko interkooperazioa

Bi erakundeek duela 45 urte baino gehiagotik duten harreman estua sendotu du Copreci eta Ikerlanen arteko hitzarmen berriak. Bada, 1970eko hamarkadan Ikerlanen aldeko apustua egin zuten erakunde bazkide erabiltzaileen artean da kooperatiba. Industriaren alorreko lankidetzaren adibide da, hainbaten artean, teknologia-zentroaren ezagutza industriaren esparrua zabaltzea ahalbidetzen baitute gisako ekinbideek. Gainera, orain, ibilbide bat eginda, Ikerlanek esperientzia handia du elektromagnetismoan eta potentzia-elektronikan abangoardiako teknologiak lantzeko zereginean, eta Europako zenbait ikerketa proiektutan esku hartu du. Horien artean dira UltimateGaN (galio nitruroaren erdieroaleetan oinarritua), Reactionen (energia-teknologietarako silizio karburozko erdieroaleetan oinarritua) edo InductIce (hegoak berotzearen bidez kentzeko aplikazioa).