Skip to main content

Ekiola kooperatibak bultzaturiko eguzki-parke fotovoltaikoen egitasmoa hazten dabil EAEn eta Debagoienera ere heldua da dagoeneko: instalazio berri bat jarriko da Arrasaten, Garaia Parke Teknologikoan dagoen partzela batean. Hain zuzen ere, Leintz bailarako herritarrei begirako egitasmoa da Energiaren Euskal Erakundearen eta Krean ingeniaritza sustatzailearen elkarlanetik sorturiko ekinbidea. Eta horiez gain, baditu bestelako bultzatzaileak bailaran: Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako udalak; Fagor Taldea; Debagoiena 2030; eta Garaia Parke Teknologikoa. “Energia berriztagarrien aldeko apustu berri bat da Ekiola. Gainera, badu beste bereizgarri bat: bertan produzituko da energia, bertako herritarrentzat. Halako egitasmoak babestu beharrean gaude”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Urriaren 14an aurkeztu dute egitasmoa, Krean ingeniaritza sustatzailearen egoitzan.

Zehatz esanda, MW 1 etik 5 MW-ra bitarteko potentzia izango du eguzki-parke fotovoltaikoak. Eta harekin bat egiten duten herritar eta familiak izango dira bazkideak. “Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den sistematikaren arabera, kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi behar dute, beren etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostu batekin”, argitu du Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak.

Tokiko eredua, mugarri

Besteren artean, Debagoieneko balio kooperatiboetan jarri dute mira aurkezpen ekitaldian hitza hartu dutenek. Haien ustez, horrek “berezi” egiten du Leintz bailarari begirako egitasmoa. “Egiteko modua ezagun dugu bailaran, kooperatiba baita Ekiola. Ezin dugu ahaztu herritarrak eta familiak direla egitasmoaren bazkideak”, azaldu du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak. Eta bide bereko adierazpenak egin ditu Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, azpimarra tokikotasunean jarriz: “Geuk sortzen dugu energia, geuk kudeatzeko eta geuk kontsumitzeko. 0. kilometroko energia da”. Bere aldetik, egitasmoarekin bat egiteko deia egin die Leintz bailarako herritarrei Elena Herrarte Debagoiena 2030 sareko koordinatzaileak. “Ez da edozelako eredua. Bertan produzitzen da energia, eta bertako herritarrena da jabetza”, gaineratu du.

Europar Batasunaren ildo beretik

Europar Batasunaren politiken ildo berean da proiektua. Haiek, 2030. urterako helburu gisa dute ezarria kontsumituriko energiaren %32 jatorri berriztagarrikoa izatea. Bide horretan, autokontsumoak eta energia-komunitateen sorkuntzak eredugarri behar dute izan, beste energia eredu baterako trantsizioan, beti ere. Hori horrela, teknologia fotovoltaikoen bidezko argindarra sortzeko premiaz jabetuta, behar diren baliabideak inplementatzeko konpromisoa dute hartua egitasmoaren bultzatzaileek.