Skip to main content

Hirekin ekintzailetza eta berrikuntza industrial jasangarrirako zentroak hamar proiektu ekintzaile bultzatu ditu haren lehenengo urtean. Horietatik lau martxan daude jada, eta oso aurreratuta daude beste bost -prototipoaren garapen fasean dira-. Urte baten ondoren, espektatiba guztiak gainditu ditu Hirekinek, eta horrela jarraitzea da asmoa: aurrera begira, lau urtetan 36 proiektu ekintzaile garatzea du helburu.

Gaurko testuinguruan, Hirekinen hasierako bi helburu nagusiak ekarri nahi izan ditu gogora Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorra den Carlos Garcia Crespok : “Alde batetik, gure inguruko enpresek haien proiektuak aurrera eraman ahal izateko ezaugarri industrialak dituen espazio bat izatea; eta, industria kultura ekintzailetza bultzatzea langileen, irakasleen eta ikasleen artean”. Dena den, urtebetean, harago egin du Hirekinek, eta aurrera begira jarria da dagoeneko: aurreikusten du Hirekinek 54 pertsona ekintzaile eta 67 ikasle biltzea.

Hirekinen sorrera

Hirekin zentroaren sustatzaile nagusia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa den arren, esangura handiko laguntza eskaini du Fagorrek: 2 milioi euro bideratu ditu -9 milioi euroko inbertsioa eskatu du ekinbideak-, eta aholku mahaiko kide da. Bada, 6.000 metro karratuko eraikinak bi espazio nagusi ditu: prototipoari zuzendutako  -enpresetako langileek, ikertzaileek eta unibertsitateko irakasleek jarduten dute bertan- eta ofizinak.