Skip to main content

Argitzen deliberazio prozesuaren barruan, Debagoienean (Gipuzkoa) energia kontsumoa murrizteko eta berriztagarrietan urratsak egiteko hamaika gomendio barnebiltzen dituen dokumentu bat aurkeztu dio 50 herritarrez osaturiko Herritarren Batzarrak Mandatu Organoari. Zehatz esanda, sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatzen dute azken hori, eta, besteak beste, prozesua bideratzeko ardura du. Organo horretan dago Fagor.

Herritarren Batzarrak urriaren 18an hasi zuen bidea, eta, hainbaten artean, energia trantsizioaren inguruko  informazioa eta hausnarketak jaso dituzte hainbat adituren eskutik -bost saio egin dituzte-. Honako galdera hau erantzun beharra izan dute: Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?. Esan moduan, galdera erantzuteko ariketa horretan, hamaika gomendioz osaturiko dokumentu bat adostu dute Mandatu Organoari helarazteko -askotariko eragileez osaturiko Mandatu Organoak sei hilabeteko epean du horren inguruko erantzun bat eman beharra-:

  1. Instalazio fotovoltaikoen kudeaketaren prozesu guztian zerbitzu integrala eskaintzea.
  2. Instalazio fotovoltaikoen sustapena.
  3. Energia berriztagarrien azpiegiturak aztertzea herritarren iritzi eta ekarpenak erdigunean dituen prozesuen bidez.
  4. Eraikin publiko zein pribatuen transformazioa efizientzia energetiko handiago baterantz.
  5. CO2 isuriak murriztea garraio pribatuan.
  6. Debagoieneko autoaren mugikortasun alternatiborako sarea sortzea eta Debagoieneko ibilgailu publikoen elektrifikazioa lortzea.
  7. Neutralitate energetikoa industrian.
  8. Formaziorako eta kontzientzia hartzeko hezkuntza metodoak.
  9. Bertako kontsumoa bultzatu eta sustatzea.
  10. Informazioa hedabideen bitartez.
  11. Hiri aterpe klimatikoak sortu.