Skip to main content

Irailaren 26an hasiko da Kooperatibagintzan aditu tituluaren 18. edizioa eta izen-emate epea irailaren 19an amaitzen da. Ohi moduan, ostiraletan eskainiko dira saio presentzialak, Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako (Gipuzkoa) kanpusean. Euskaraz eskainiko da formazio osoa. Hasi zenetik, 40 kooperatibetako 350 kooperatibista baino gehiagok egin dute ikastaroa, tartean, Fagorrekoek.

Iazko edizioan, Fagor Taldeko hiru kidek egin zuten ikastaroa, Bulego orokorretako, Mondragon Assemblyko eta Copreciko kide banak, alegia. Balorazio positiboa egin zuten hirurek.

‘Kooperatibagintzan aditu’ titulua

Kooperatiben proiektu sozio-enpresarialak indartzea du helburu Kooperatibagintzan aditu tituluak, begirada dimentsio kooperatibo edo sozialaren garapenean jarriz. Errealitate kooperatiboa ulertu eta aztertzeko, ezagutza teoriko-praktiko sendoa jaso ohi dute parte hartzaileek. Era berean, haien kooperatibetako bizipenak eta esperientziak trukatu ohi dituzte, hausnarketari bide emanez. Orokorrean, metodologia oso praktikoa du ikastaroak: aurkezpenak, hitzaldiak, eztabaidak, mintegiak…

Kooperatibagintza arloan erreferente bilakatu den Kooperatibagintzan aditu titulua Mondragon Unibertsitateko Lanki Kooperatibismoaren Ikertegia eta Mondragon Taldeko Otalora formazio zentroaren artean dago antolatuta.