Skip to main content

Kooperatibisten artean garraio jasangarriagoa sustatzeko FagorMugi ekimena jarri dugu martxan Fagor Taldean. Kide bakoitzak lanerako ibilbidea garraiobide jasangarriagoekin egiten duenean (bizikleta, garraio publikoa, auto partekatua, etab.), FagorMugi aplikazioak gorde egingo ditu egindako kilometroak. Hala, kooperatiba bakoitzeko kideek egindako rankina osatuko da fagormugi.eus webgunean.

Sariak eta zozketa

Horrekin batera, langile bakoitzak zikloak osatuko ditu kilometroak pilatzen doan neurrian, eta betetako zikloekin zenbait sari jasoko ditu: eskualdeko dendetako erosketa-bonoak, dohaintzak, Mugi txarteleko doako kargak, etab. Gainera, erregistratzen diren kooperatibisten artean bizikleta elektriko bat zozketatuko dugu abenduaren 3an.

Nola funtzionatzen du FagorMugik?

FagorMugin parte har dezakete Fagor Taldeko kooperatibetako kideek. Horretarako, behin webgunean erregistroa eginda, Android edota iOS sistema eragileak dituzten mugikorretan deskargatu behar dute aplikazioa, eta lanerako bidean aktibatu, kilometro jasangarriak egin eta osatzen hasteko.

 

Fagor Taldeak buru-belarri dihardu eraldaketa soziala garapen ekonomikoarekin uztartzeko lanetan. Ildo horretan, FagorMugi erabat lerratzen da joan zen astean aurkeztutako Debagoiena 2030 egitasmoarekin, gizarte eta ekonomia garapena ekologikoki jasangarria izatea oinarri-oinarrizkoa delako.